- Martin Ugalde 1921ean Andoainen jaio bazen ere, kostaldeko hiri horretan hil zen 2004an, bertan bizi baitzen Venezuelako erbestetik 1969an itzuli zenetik. Horregatik, Hondarribian erakusketa zabaldu zen atzo euskal kazetaritzaren aitzindari eta Euskaltzain ohorezkoaren jaiotzaren mendeurrenean.

Aurtengo urtean zehar hainbat ekitaldi prestatu dira haren mendeurrena ospatzeko, eta horien artean lehena, Arma plazako Informazio eta Kultura Gunean ikusgai dagoen erakusketa. Aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, Joanmari Larrarte Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkariak eta kazetariaren Unai eta Itsaso Ugalde seme-alabek.

Erakusketa uztailaren 4ra arte egongo da zabalik, eta haren bizitzaren eta lanaren errepasoa egiten da testu eta argazkiak lagun. Bestelako materialik ere badago, esate baterako, Andoaingo Udalak erakusketarako utzita, elkarrizketak egiteko erabiltzen zuen grabagailua. Gainera, aretoko panel batean, ETBren 1992ko Ispiluan saioa proiektatuko da, non Ugaldek bere bizitzaz eta lanaz hitz egiten duen.