Jane Goodallek betidanik izan du animalienganako zaletasuna eta denborarekin, zientzialari eta ingurumenaren aldeko aktibista bihurtu zen. Goodallen bizitza eta haren lorpenak ezagutzeko aukera ederra eskaintzen du ekainaren 13ra arte Aiete Kultur Etxean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren eskutik eta Jane Goodall Institutuaren aholkularitzarekin antolatutako Jane Goodall ikertzailea eta bakearen aldeko aktibista erakusketak.

Oilategi hartako esperientziatik hasi, eta 1977an ikerketarako, hezkuntzarako eta naturaren kontserbaziorako protagonistak sortutako Jane Goodall Institutuaren inauguraziora arte bere ibilbidean zehar bizi izan dituen 20 momentu desberdin erakusten dituzten marrazkiak sortu ditu bere-beregi Asier Iturralde ilustratzaile donostiarrak abagune honetarako.

"Komikiaren hizkuntza erabiliz, 20 irudi sortu ditut pintura akrilikoz eta oso testu motzekin, guztia sintetikoki kontatzeko", azaldu zuen atzoko aurkezpenean Iturraldek. Lan hori egiterako orduan hainbat oztopo topatu dituela aitortu zuen: "Goodallen bizitza osoa kontatu behar zen, eta txikia zenetik heldua bihurtu arte irudikatu. Beraz, beti pertsonaia berdina zela atzeman behar zen, eta benetako pertsonaren itxura izan behar zuen; hori erronka handia izan zen".

Iturraldek bere estiloa "sintetiko" gisa definitzen du, eta pertsonaiak marra gutxi batzuekin sortzea gustatzen zaio. Bestalde, 20 irudiek batasun grafikoa islatzen dute nahiz eta oso leku desberdinak agertu (Erresuma Batua, Afrika eta inguru akademikoak, besteak beste).

"Erakusketa prestatzen hasi ginenean Goodalli buruzko informazio bila hasi nintzen Interneten, eta batez ere, 60 eta 70. hamarkadetan Tanzaniako oihanetan ikertzen ari zen garaiko irudiak topatu nituen. Leku eta garai hartako koloreak aukeratu ditut Goodallen bizitza ilustratu eta guztiari osotasuna emateko", adierazi zuen Iturraldek.

Testu txikiak sortzea ere ez da batere erraza izan ilustratzailearentzat. "Ideia, esaldia azkar irakurri eta irudia ulertzea da. Gure helburua erakusketa arina izatea zen eta hori ere lortu dugula uste dut", esan zuen.

Jane Goodall Institutuaren aholkularitza izan dute erakusketa egiteko, eta testu zein irudi guztiak eurekin kontrastatu dituzte. Horri esker, aktibistaren inguruko egiazko informazioa zabaltzeko aukera ere izan dute erakusketaren bidez.

Goodallen bizitzako une interesgarrienei dagokionez, 23 urte zituela bidaiatu zuen Afrikara lehen aldiz, lagun batek Keniako familiaren etxaldea bisitatzera gonbidatuta. Han ezagutu zuen Louis Leakey antropologo ospetsua. 1960an Leakyk Gombera (Tanzania) bidali zuen Goodall inguruko txinpantze basatiak lehen aldiz ikertzeko.

Amaren eta sukaldariaren konpainia bakarrarekin, Oihanean kanpin denda jarri, eta sei hilabete iraun behar zituen ikerketa proiektua hasi zuen Goodallek. Gaur egun, 60 urte geroago, proiektuak martxan jarrai-tzen du.

DNA-ren %98 gizakiarekin partekatzen duten primate hauek tresnak egiteko eta erabiltzeko gai zirela ohartu zen Goodall, eta aurkikun-tza horrek sekulako oihartzuna izan zuen munduan zehar. 1986an, Gombe utzi eta ingurumenaren aldeko aktibista izateko garaia zela erabaki zuen. Ordutik, txinpantzeek dituzten arriskuez ohartarazten eta munduko biodibertsitatea babesteko ahaleginean jardun du Jane Goodall Institutuaren bitartez.

Aktibistaren ibilbide guztia marrazkitan ezagutzeko interesa duenak Aiete Kultur Etxean du aukera asteartetik ostiralera 16.00etatik 20.30era; larunbatetan 10.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 20.00etara; eta igandetan 10.00etatik 14.00etara.