- 2.500 urte igarota ere antzezten den tragedia greko oso ezagun baten protagonista da Antigona, Ediporen alaba. Historian gehien antzeztu den obra da Sofoklesen Antigona. Orain arte ez zuen taularatutako euskarazko bertsiorik, eta gaur egun badu; hori bai, Antigona Antigone bihurtu da Herman Poster kolektiboaren eskuetan. Antigone edo ezetzaren beharra asteburuan taularatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean. Bilbon estreinatu eta gero Azpeitiko Antzerki Topaketan aurkeztu eta Publikoaren saria jaso zuen.

Igor de Quadra antzezlanaren zuzendariak azaldu du, klasiko hau euskaratzeko ideia ia halabeharrez iritsi zitzaiela. Kolektiboan lan berri bat taxutzeari bueltaka ari ziren, gai konkretu baten inguruan: desobedientzia eta obedientziaren arteko hausnarketa. Antigonek legearen aurkako desobedientzia irudikatzen du -bere neba ehortzi nahi du, Kreonte osabaren nahiaren aurka-.

"Desobediente izateak ondorioak ditu, baina norberak sinesten duen horregatik baldin bada desobediente, merezi izango du", dio Quadrak. Zentzu honetan, bada bere pentsamenduak muturreraino eramateagatik Antigone "erotzat" hartzen duenik ere; baina, kontrara, beste batzuek, sinesmenen aurka joatea, baten buruaren aurka joatea dela diote; tragedia honen kasuan, gainera, familiaren aurka .

Kolektiboak obra aukeratu ondoren konturatu ziren ez zegoela "aurrekaririk", ez zela beste inoiz euskaraz antzeztu, nahiz eta Jokin Zaitegi idazle eta euskaltzaleak 1946an euskarara itzulitako bertsio bat argitaratuta badagoen.

"Itzulpenak berak ez zuen oso harrera ona izan". Horregatik, Sofoklesen testua hartu eta gerora etorriko ziren Judith Butler, Slavoj Zizek edo Bertolt Brecht-ek idatzitako moldaketetan ere oinarrituz, "bertsio librea" eraikitzea erabaki zuen Herman Poster kolektiboak. Hortik tiraka, autore ezberdinetan Antigone desberdinak topatu dituztela azaldu du, eta horrek dilema baten aurrean jarri zituen: Zein aukeratu, zein adierazi? "Alde batetik, Sofoklesek idatzitakoa publikoari hurbiltzen saiatu gara, gogorarazten. Bestetik, gure irakurketa propioa egin dugu. Garrantzitsuak iruditzen zaizkigun kontuei forma eman, eta begirada garaikideago baten alde apustua egin", esan du.