Gorka Salmeron (Legazpi, 1969) argazkilaria eta Joxan Iza (Bergara, 1961) artista plastiko, margolari eta eskultorea urte luzeetan zehar kristau ikonografiaren inguruko interpretazio pertsonala egiten aritu dira . Argazkiak, margoak, grabatuak, eskulturak eta beste hainbat diziplina erabili dituzte XXI. mendeko kristautasuna irudikatzeko, eta Donostiako Elizbarrutiaren D'Museoan ikusgai dagoen Agerkunderako gunea izeneko erakusketan 70 obra inguru egongo dira maiatzaren 30era arte.

Erlijioa gai nagusitzat hartuta sortu dituzte obrak, eta ikur tradizionalak errespetatzen badira ere, artistek euren mintzaira propioa islatu dute haietan, ikuspegi eklektikoa eta berritzailea emanaz. Horrela, plaka elektronikoak dituen kristo gurutzatua, izterrean tatuaje handi bat duen Evaren zuri-beltzezko argazkia, edo gailu modernoz osatutako Lazaroren irudia dira, besteak beste, museoan topatu daitezken lanik deigarrienetako batzuk.

Salmeronen argazkia errealismo magikoaren inguruan eraikitzen da, dadaismo ukitu batekin. Izari dagokionez, tamaina handiko olio-pintura koloretsuak eta muntatze-teknikaren bidez sortutako eskulturak dira nagusi erakusketan.

"Jende asko harritu egin daiteke horrelako lanekin, bisitari tradizionalenak batez ere. Baina gure helburua, XX. mendeko museoko erabiltzaileei kontzeptu erlijiosoak adierazteko beste modu bat existitzen dela erakustea da, zentzu zabalean", azaldu zuen atzo Edorta Kortadi museoko zuzendariak Parte Zaharreko Santa Maria basilikan eskainitako aurkezpenean.

Basilikako bi gela betetzen dituzten lanak garai desberdinetakoak dira, eta horietako asko lehenengo aldiz ipini dituzte ikusgai. Izaren kasuan, sorkuntzarik zaharrena 1985ekoa da, eta Salmeronena aldiz, 1988koa. "Egiten joan diren lanen aukeraketa egin eta hemen ikus dezakeguna, bien arteko obra bateratu bat da, oso eklektikoa gainera", azpimarratu zuen erakusketaren katalogoko testuak idazteaz arduratu den Mikel Babianok.

Lehenengo aretoan obren arteko interakzioa nabarmentzen da. Erdigunean Izak egindako San Sebastianen irudia ageri da zintzilik eta haren atzean Salmeronen Argi begia lana dago, berari begira balego bezala. Gela horretan bertan dago San Sebastiani arkua jaurti nahi dion Arkularia ere.

Bigarren aretoari dagokionez, bertan erakusten dituzten artelanek hausnarketarako bidea ematen dute: genero ikuspegiaren eta bekatua irudikatzen duen sagarraren ingurukoek adibidez, zer pentsatua ematen dute. Nabarmentzekoa da baita ere, Eva modernoaren argazkiaren ondoan jarri duten ile-sorta, argazkiko modeloa gaztea zeneko "erlikia", eta horma-hobi batean jarrita dagoena.

Horrez gain, gela horretan daude Apokalipsiaren lau zaldiak eta Mikel Deunaren irudia, beste gailu batzuen artean panpina baten burua eta telefono zahar bat dituena.

"Batez ere, argia da elementu nagusia erakusketa honetan. Erlijio kristauaren berezko ezaugarria da: testu sakratuetan eta arkitekturan beti ageri da, eta oraingoan ere garrantzi handia eman diogu. Argiak eta itzalak erakutsi nahi izan ditugu, ulertzen dugunaren eta ez dugunaren arteko erlazio gisa", azaldu zuen Babianok.

Norberak bere irakurketa egiteko aukera ematen dute erakusketako lanek, eta hain zuzen ere, horretarako gonbitea luzatu nahi diete bisitariei. "Sarritan artelanak ulertzen saiatzen gara, baina ez dago zertan hori egin beharrik. Bakoitzak bere ikuspuntutik begiratu dezake erakusketa honetan dagoena, eta bakoitzak bere interpretazioa egitea gustatuko litzaiguke", esan zuen Babianok. l.