'Folketik Jazzera Ensemble', Haizea Martiartu saxo jotzailearen lan berria

Euskal abesti tradizionalen doinuak jazz musikara ekarri ditu markinarrak bere lehen diskoan

28.12.2020 | 20:21
Haizea Martiartuk estreinako diskoa argitaratu du.

Haizea Martiartu zortzi urte zituenean hasi zen saxofoia jotzen. "Marrazki bizidun batzuk ikusten nituen eta pertsonai batek saxoa jotzen zuen, eta horrekin obsesionatu nintzen". Urte batzuk beranduago hasi zen benetako zaletasuna.

Bilbon jaio eta Markina-Xemeingo soinu bandarekin hasi zen musika munduan, herri festa eta ekitaldi publikoak girotuz. Musika amerikarra entzuten zuen, izan ere, Disney pelikuletako soinu bandek jazz musikaren eragin handia dute eta jazzaren barruan saxofoiak garrantzi handia du. Internet garaia iritsi zenean, informazio bila hasi zen: "Jazza asko gustatzen zitzaidan, baina gaztetxotan ez nekien oso ondo zer zen. DBHra eta Batxilergora iritsi nintzenean jada informatzen hasi nintzen eta nire saxofoi maisuari esker deskubritu nuen musika mota hori jazza zela".


Hamazortzi urterekin Bartzelonara joan zen unibertsitate ikasketak egitera, baina aldi berean Taller de Musics musika eskolan apuntatzeko ere baliatu zuen Euskal Herritik kanpora joate hori. "Aitzakia bat izan zen, filosofia ikasketak bai, baina musika eskola horretan hasteko. Konturatu nintzen Bartzelona oso hiri aproposa zela jazza bezalako musika estilo bat ikasteko". Bost urtez egon zen hala, goizez unibertsitatean eta arratsaldez musika eskolan. Urte horiei esker Bartzelonako musika eszenan eta profesionalki lanean hastea lortu zuen Martiartuk.


Musika ikasketekin jarraitzeko ESMUC kontserbatorioan eman zuen izena, jazzeko saxo karrera egiteko helburuarekin. Gradu amaierako kontzertua prestatzen hasi eta orduan konturatu zen Martiartu euskal musikak eragin handia zuela bere konposizioetan.

"Gaztetxotan kalean eta lagun artean entzundako musikaren, hau da, euskal musikaren, eragin nabarmena nabaritu nuen nire konposatzeko eran eta sorpresaz hartu nuen, egia esan. Ez nuen espero", azaldu du. "Ezusteko pozgarria hartunuen karrera bukatutakoan. Orduantxe konturatu bainintzen nire konposizioek zortzikoen kutsua zutela,euskal erritmoena, alegia. Markinako bandan interpretatzen nituen nire lurraldeko doinu eta piezahaiena, hain zuzen ere. Nahiz eta teorian, eta harmoniari buruz ikasitakoa aplikatuz, jazza konposatzenari nintzela suposatu". Hori ikusita bere haurtzaroa alaitu zuen musikari "omenalditxo bat" egitea erabaki zuen Martiartuk, "euskal kantak jazzera hurbildu asmoz".

Bederatzikotea

Denetara bi urte eman ditu markinarrak proiektua prestatzen: kantak erabaki, bederatzi musika tresnarentzat konposizioak sortu, moldaketak egin€Kanta bakoi-tzak euskal doinu bat du, eta melodia ezagun horren azpitik bederatzi musika tresnarentzako moldaketak egin ditu. Inguruko musikariekin sortu du taldea, bederatzikotea, hain zuzen: Lucia Fumero (pianoa), Sergio del Campo (zeharkako flauta eta piktoloa), Joan Mar Sauque (tronpeta), Julio Marin (klarinete sopranoa eta klarinete baxua), Jofre Alemany (saxo tenorra) Eneko Urrestarazu (tronboia), Carla Gonzalez (kontrabaxua) eta Pol Ribó (bateria).


Ez da ohikoa bederatzikotea formatuan euskal kanta herrikoiak entzutea, dena den, Euskal Herrian jazz harrobi interesgarria dagoela gogorarazi du Martiartuk: "Nire aurreko belaunaldietan badaude musikari oso onak: Iñaki Salvador, Mikel Andueza saxo jotzailea€ Topatu ditut euskal kanten jazz bertsioak nik egin baino lehen ere. Benetako inspirazio izan dira niretzat".


Zortzi abesti bildu ditu Martiartuk Folketik Jazzera Ensemble diskoan. Sei, bertsioak dira: Aita-semeak, Agate Deuna, Gero bat gaurdanik, Txoria txori (Gorka Benitez saxofoi jo-tzaile bilbotarraren kolaborazioarekin), Aldapeko eta Agurra. Bestetik, markinarrak berak konposaturiko bi kanta ere aurkituko dituzte en-tzuleek, Bazterrak eta Udaberri, euskal musika tradizionaleko elementu batzuk erabiliz sortuak.

Kontzertuen esperoan

Bizitzaren arlo ezberdinetan ohikoa bilakatzen ari den bezala, Covid-ak diskoaren produkzioan ere eragina izan zuela kontatu du Martiartuk eta gauza bera gertatzen ari da zuzeneko emanaldiekin. Hile hasieran aurkeztu zuen prentsaurrekoan Folketik Jazzera Ensemble baina kontzertuak emateko itxaron egin beharko du oraindik. "Esperantza dut martxo aldera Euskal Herrira joan ahal izatea diskoa behar bezala aurkezteko", esan du itxaropentsu.


Crowdfunding finantzaketa kolektiboaren bidez eraman du aurrera Folketik Jazzera Ensemble eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen webgunearen bidez (www.hotsak.com) eskuratu daiteke hamar euroren truke. Diskoaren azala Jone Bengoa 'Sastraka' ilustratzaile eibartarrak sortu du.