uskal Herriko biztanle askok ez lukete asmatuko Landako gunea mapan kokatzen, egunotan Durangoko Azokan gertatzen den kultur borborrari bizkarra emanda bizi direlako. Euskal literaturaren izena eta izana hizkuntzari estu lotuta dauden heinean, oso presente daude hiztunen neurria zein ohiturak haren ezaugarrien inguruko hausnarketa egiteko orduan. “Militantziaren logikarekin jarraitzen dugu irakurleengana heltzen”, aitortu zuen atzo Iñigo Astiz poeta eta kazetariak, Euskal literatura sorkuntza: eta orain zer? izenburupean antolatu zuten mahai-inguruan. Azken hamarkadetan sektoreak profesionalizatzeko eman duen salto kualitatiboa, plazara jauzi egitean emakumeen kasuan generoak hartzen duen pisua edota askatasunez aritu beharko litzatekeen literatur kritikaren garrantzia izan zituzten hizketagai.

Termometro digitalaren eta gel hidroalkoholikoaren galbahea pasatu ostean ikusleek bete zuten Landako gunean izan zen solasaldia, eta streaming bidez mundu osora hedatu zen. Karmele Jaio, Iñigo Astiz, Idoia Santamaria eta Uxue Alberdi, aurtengo Euskadi Sarietan euskarazko literatur sailetan irabazle izan direnak, aritu ziren Juan Luis Zabala idazlearen gidaritzapean. Bitartean, pabiloiaren beste muturrean, Gerediaga elkarteko kideek ez zuten atsedenik izan kultur zaleek online dendaren bidez egindako eskarien prestaketa lanekin. Produktu asko agortuta zeuden jada biltegian, eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu ziren biltegira, berriro ere dendan eskuragarri egon zitezen.

“Zein asmorekin idazten du euskal idazleak? Zein harrera espero du gizartearen aldetik?”, itaundu zien Zabalak solaskideei, jakinik gizartearen zati handi batek ez dakiela euskal idazleak direnik, nahiz eta euskal literaturaren munduan ezagunak izan. “Durangoko Azoka existitzen da existitzen dela dakigunontzat. Azal azpiko errealitatean bizi gara. Pixka bat undergroundak gara, beti lurpean, sekula lehen begi bistan ikusten ez direnak”, azaleratu zuen Astizek. “Euskal literatura ezaguna izatea oximoroi bat da. Nukleo bat dago gure lanak irakurtzen dituena, baina hortik kanpora zabaltzea oso nekeza da”, gaineratu zuen Joemak eta Polasak liburuaren idazleak.

“Batzuetan ahaztu egiten zaigu zein den gure neurria. Zenbat irakurle euskaldun dago? Milioi erdia? Zenbaki horietan mugitzen baldin bagara, zer nahi dugu?”, adierazi zuen Santamariak beste ikuspuntu bat agertuz. Itzultzaileak Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan saiakera aipatu zuen: bertan Ramon Saizarbitoria idazle eta soziologoak azaltzen zuen, 500.000 irakurle potentzial izanik, euskarazko liburu batek 5.000 ale saltzea Espainian 300.000 ale saltzearen parekoa zela. “Espainian 5.000 ale saltzea ez da salmenta txarra, eta hori, gure artean, 100 ale saltzea izango litzateke”, erantsi zuen. “Euskalgintzak profesionalizatzera jo du, baina oso gutxi gara. Argitaletxe baten lana errentagarria izateko saldu beharko luke gaur egun saltzen duena, eta halako bi edo hiru gehiago”, gaineratu zuen.

Gauzak aldatzeko tartea badagoela onartu zuten solaskideek. Hala, hezkuntzak horrekin zerikusi handia duela bat etorri ziren. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak, Kontrako eztarritik saiakeragatik Euskadi Sarietan saritutakoak, hizkuntza eta literatur gaitasuna aipatu zituen. “Literaturarekin disfrutatzeko gerri malgua izan behar duzu eta gozamen hori ez da etena izan behar”, argudiatu zuen Alberdik, eta gure euskararen ezaugarriengatik gauza asko zailagoak direla uste du. “Badaukagu aski gihar gure hizkuntza normalizatua hausteko? Hizkuntza zikintzeko lehenengo gorputza behar dugu, gurea oso ahula da. Egin ditzakegun jolasak oso mugatuta daude”, azaldu zuen.

Karmele Jaiok ere argi dauka hizkuntzaren egoerak eta kulturak berak ere baldintzatzen dutela euskal literaturaren harrera. “Euskaldun diren horien artean zenbat dira irakurle? Gure herrian euskal hiztunak ez direnei nola egin zerbait baliotsua galtzen ari direla erakusteko? Ez direla zuen, euskaldunen, gauzatxoak, baizik eta kontatzen ari direna hor garrantzitsua dela? Nola egin hori erakargarri egiteko?”, galdetu zuen. Hein batean, idazle euskaldun baten ikusgarritasuna komunikabide erdaldun batek ematen dion garrantziaren araberakoa dela uste du. “Orduan, zure auzokideak, idazlea zarenik ere ez dakitenak, bat-batean konturatzen dira idazlea zarela. Horri ere begiratu beharko genioke”, agertu zuen Aitaren etxea eleberriaren idazleak.

Literatur plazara egindako jauzia nola izan zen galdetuta, Astizek “idazle” etiketarekin identifikatzea kostatzen zaiola onartu zuen, bere burua poetatzat baitu. Uxue Alberdik, berriz, generoaren garrantzia oso arin nabaritu zuela kontatu zuen. “Kontziente edo inkon-tzienteki, emakume askok sentitu dugu edo sentiarazi digute zein den gure generoa hasieratik”, gaineratu zuen, hainbat adibide aipatuz. Esaterako: behin Sautrela saioan berak idazteari buruz ea bere aitak zer pentsatzen zuen galdetu zioten. “Gaur egun begi zorrotzagoa daukagu horrelako gauzen aurrean, baina gorpu-tzean inskribatuta gelditzen dira”, adierazi zuen. Bere esanetan, 2007tik hainbat gauza aldatu dira. “Orain badira emakumezko editoreak, zorionez. Garai hartan gure testuek gizonezkoen eskuetatik pasa behar zuten”, agerrarazi zuen. Jaiok ere aldaketak nabaritzen ditu: “Emakume idazleak bilakatzen ari dira erreferente, ez bakarrik datozen emakume idazleentzako, gizonentzako ere bai”.

Eta kritikarik falta ote da euskal literaturan? Badago kanona definitzeko elementu argirik? Nolakoa da arrakastaren bidea? Badago establishment bat? “Kritika falta dugu, kritika gihartsua. Kritikak baino gehiago, argitaratzen diren liburuen informazioak izaten dira”, azaldu zuen Santamariak. Ignacio Echeverriak 2004an Babelia gehigarrian Atxagaren Soinujolearen semea kaleratu zenean idatzitako kritika “suntsitzailea” aipatu zuen. “Euskal literaturaren sistemak aguantatuko luke lan bat horrela jipoitzea? Nik uste dut ezetz”, iritzi zuen, denak ezagutzen diren sistemaren parte diren heinean. “Norbait jipoitu behar denean, jipoitu; hala iruditzen baldin bazaio kritikariari, ondo argumentatuz. Euskalgintzaren sistemari on egingo lioke”, argudiatu zuen. “Denoi komeni zaigu kritika sendo bat”, esan zuen Uxue Alberdik.

Bestetik, arrakastaren bidean aten-tzio mediatikoak duen pisua azpimarratu zuten. Baita sariek duten funtzioa ere. Jaioren aburuz, “sarien balio handiena da bigarren bizitza bat ematen diotela obrari”: “Nobedade izateari uzten dionean liburu-dendaren lehen lerrotik desagertu eta irakurleak bere kabuz bilatu behar du. Sariak urtebetera datoz eta bestela helduko ez zen irakurleengana heltzeko aukera ematen dute”.

“Emakume askok sentitu dugu edo sentiarazi digute zein den gure generoa”

Idazlea eta bertsolaria

“Nukleo bat dago gure lanak irakurtzen dituena, baina hortik kanpora zabaltzea nekeza da”

Poeta eta kazetaria

“Gure herrian euskal hiztunak ez direnei nola erakutsi zerbait baliotsua galtzen ari direla?”

Idazlea

“Euskal literaturaren sistemak aguantatuko luke lan bat jipoitzea? Nik uste dut ezetz”

Itzultzailea