- Zer bilatu nahi izan duzu 'Islak' diskoarekin?
-Gaua eta Zuri albumekin hasi nuen bidearen jarraipena da. Bakarkako bide hau, Elkano Browning Cream-ekin egiten dudanaren antitesia da. Hura oso dinamikoa da eta beste gauza batzuk ematen dizkit. Aldiz, pianoarekin bakarrik egiten ari naizen ibilbide hau frenetismoaren aurkako erreakzio bat da. Espazio intimoa eta sosegua transmititzen duen espazioa da; sorkuntza edo konposizio aldetik pieza lasaiak, intimistak eta introspektiboak dira. Nire sorkuntza beharrak bi alde horiek ditu: alde batetik, Elkano Browning Cream-ek ematen didana eta, bestetik, bakarkako pianoarekin giro introspektiboetan ibiltzeko aukerak ematen dizkidanak.
Pianoaren soiltasunak intimitatera eraman ohi gaitu. Urte arraro honetan, lasaitasun eta introspekzio beharrean egongo da bat edo beste.
-Horixe da. Egia da lehenagotik ere hasia nuela bide hori, baina diozun urte zail honetan, erritmoa nahi eta nahi ez jaitsi behar izan dugu. Alde horretatik, diskoa bada aproposa garai hauetarako. Ez dakidana da zerbait ikasiko dugun edo berriz ere segituan itzuliko garen bizitza azkar eta frenetiko horretara. Nik, neure aldetik, bide lasai honetatik jarraituko dut, beharrezkoa ikusten dudalako espazio horiek bilatu eta aurkitzea gure ongizaterako.
Zergatik 'Islak'?
-Abesti bakoitza irla baten modura ikusten dut. Gainera, Donostiako irlari bueltak ematea asko gustatzen zait. Hortik sortu zitzaidan ideia: buelta ematen dudan bakoitzean, desberdina da. Ez da kirol kontu bat, esperientzia kontu bat da. Bizipenak, sentitzen direnak, ikusten direnak... ezberdinak dira, bai ur gaineko paisaian eta baita paisaia akuatikoan ere. Elementu piloa daude egunetik egunera desberdinak direnak. Konposatzen nituen bitartean abesti hauetara hurbiltzean, horrelako sentsazioak sentitzen nituen eta horregatik izenburua.
Karlos Arancegui izan duzu baterian eta darboukarekin.
-Alde batetik, Gaua eta Zuri diskoen bidetik jarraitu dut; eta, bestetik, ez. Disko horietan bakarrik nengoen eta bakarrik egote horrek jotzeko era libre bat eskaintzen zidan. Hori ez nuen galdu nahi, baina konposatuta nituen abestietako batzuk erritmoaren lotura eskatzen zuten. Horretara Karlosen laguntza izateko pribilegioa izan dut; aspaldiko lagunak eta musika-lagunak gara. Oso ederra izan da bere ekarpena.
Victoria Eugenian ostiral honetan eskainiko duzuen kontzertuan, aldiz, hiru izango zarete; Fernando Neirak baxuarekin lagunduko dizue.
-Diskoan baxua nik neuk sartu nuen sintetizadore analogiko batekin; kontrabaxu itxura eman nion. Zuzenekorako, diskoaren aurkezpenerako, Fernando Neira izango dugu kontrabaxua jotzen. Kontzertua hirukote modura eta bidaia bat bezala planteatua dago; hau da, hasieratik amaieraraino etengabe joko dugu, bidaia baten modura estazio ezberdinetan geldituz eta giro bat sortzearen helburuarekin. Entzulea behin giro batean sartuta dagoenean, ez dut nahi hortik ateratzea eta horretarako abestien arteko tarteak saihestuko ditugu.
'Islak' diskoaren azalaren atzean badago anekdota polit bat.
-Diskoaren azala nire bederatzi urteko semeak ikastolan egindako eskulan bat da. Andereñoak hosto lehor batzuk eman eta horiekin zerbait egiteko esan zien. Berak hiru hostoekin hara zer egin zuen...
Pianoarekin bakarrik aritzeak askatasuna ematen dizula diozu. Suposatzen dut gauza bera gertatzen dela zigilu propioarekin argitaratzen denean.
-Zigilu propioaren helburua ere hori da, askatasun osoarekin erabakitzea denborak, egin beharreko lanak eta funtzionatzeko erak. Lana eskatzen du, baina niri, behintzat, konpentsatu egiten dit kudeaketarako eta sorkuntzarako ematen didan askatasunarengatik.
'Islak' iragan urtarrilean grabatu zenuen. Nolakoa izan da COVID-19k baldintzatutako urte hau zuretzat?
-Urte oso arraroa izan da. Musikarien ekintza nagusienetarikoa zuzenekoa da, kontzertuak ematea. Alde horretatik, korapilatsua izan da. Halere, ez da uste nuen bezain txarra izan. Jazzaldian pianoarekin jotzeko aukera izan nuen, orain Islak aurkeztuko dut, Elkano Browning Cream-ekin ere jo dugu, baita Travellin' Brothers eta Jabier Muguruzarekin ere... Nolabait urtea salbatzen ari gara.
Lehengo astean Muguruzarekin grabatutako 'Oker (txakurra da)' haurrentzako diskoa aurkeztu zenuten.
-Oraintxe grabatu dugu, orain dela hilabete. Zuzenekoen erritmo jaitsiera aprobetxatu dut estudioko lanak aurreratzeko eta horietan murgiltzeko.
Eskuartean ba al duzu beste lanik?
-Elkano Browning Cream-en bat nahiko bideratuta dugu datorren urteko negu partean argitaratzeko.
Jazzaldia aipatu duzu: 'Gaua' eta 'Zuri' diskoetako konposizioak jo zenituen.
-Jazzaldian aurreko bi diskoak jo nituen eta ostiraleko kontzerturako utzi ditut abesti berriak.
Ostiralean, beraz, aurreko diskoetako abestirik ez duzue joko?
-Bai, baten bat sartuko dut. Kon-tzertua, batez ere, disko berrian oinarritua izango da. Gainera, abestiak diskoan agertzen diren ordena berean joko ditugu, baino bukaeran sartuko dut aurreko abestiren bat.
Aurkezpena. Azpiroz pianoan, Arancegui baterian eta darboukan, eta Neira kontrabaxuan. Ostiralean aurkeztuko dute Victoria Eugenian.