Zinemaldi seguru baten aldeko apustua
inemaldiak atzo eman zion hasiera 68. edizioari eta Donostian antzematen zen urteroko hitzordua martxan zela dagoeneko. Maria Cristina hotelaren kanpoaldea, Victoria Eugenia antzokia eta Kursaal prest zeuden zinemaren munduko aurtengo protagonistei harrera egiteko -besteak beste, Gina Gershon, Johnny Depp, Javier Gutierrez eta Elena Anaya aktoreak izango ditugu gurean-. Bedera-tzi egun hauetan zehar hiriko aretoetan eskainiko diren pelikula eta sailen kartel ikusgarriak kalean, alfonbra gorriak non-nahi eta jendearen joan-etorri etengabea nabarmentzen ziren lehenengo egunetik.
Ezin uka, ordea, aurtengoa COVID-19ak kolpatutako Zinemaldia izango dela, eta hori ere bistakoa da: musukoak jantzita eraman behar dituzte uneoro antolatzaileek zein ikusleek, eta alfonbra gorrietara joateko aukera soilik prentsako langileek izango dute. Aretoetan ere segurtasun neurriak zorrotz zaindu behar dira, eta lantalde handi bat dabil horretan buru-belarri lanean.
Atzo goizean, Kursaal ingurura gerturatu zen NOTICIAS DE GIPUZKOA, aretoetako desinfekzio lanak nola burutzen dituzten ikusteko asmoz. 11.40 aldera, Woody Allenen Rifkin's Festival amaitu zenean, Kursaaleko K1 aretoa -Sail Ofizialaren egoitza- bisitatu genuen. Buzo zuriak soinean eta fumigatzeko bonbona urdina eskuetan zerama-tzaten bi langile besaulkiak banan-banan desinfektatzen ari ziren. Hori gutxi balitz eta aretoa seguruagoa izateko, beste bi langile besaulkiak trapuekin errepasatzen zebiltzan.
Zinemaldiak irauten duen egunetan ariketa berdina errepikatuko dute langileek areto bakoitzean eta saio bakoitzaren ondoren, eta 90 minutuko tartea egongo da proiekzio batetik bestera. Gainera, COVID-19arekin kutsatzeak ekiditeko edukiera ere murriztu egin dute: Kursaalen, adibidez, %40a dago baimenduta, eta gehienez 600 pertsona sar daitezke.
Lehenengo aldiz ezarri ditu Zinemaldiak halako segurtasun neurriak, eta jada filmaren bat ikusi zutenen iritziak ere jaso nahi izan genituen. "Hasieran eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzeko eskatzen dizute, eta jarraian aretora banan-banan sartu behar da. Bertako arduradunek eseri behar duzun lekuraino lagun-tzen zaituzte, eta uste dut oso ondo planteatu dutela", azaldu zuen Ander Makazaga gernikarrak.
Álvaro de Luna Madrildik etorri da Zinemaldira laugarren urtez jarraian eta besaulkien artean errespetatzen den tartea nabarmendu zuen: "Aretoan edukieraren erdia dago baimenduta eta bakoitzaren aurrean, atzean eta alboetan ez da inor esertzen. Gainera, proiekzioa hasi aurretik, segurtasun neurri guztiak pantailan erakusten dituzte berriz, inongo arazorik ez egoteko; bikain antolatuta dagoela uste dut".
Raquel Ayerdi donostiarra ere gustura zegoen antolakuntzarekin. "Bakoitzak bere eserlekuan eseri behar zuen, jendea lasaitasun handiz sartu da eta irten ere berdin egin dugu, elkar ukitu gabe. Zentzu horretan, oso ondo antolatuta dago", azpimarratu zuen.
Hala ere, bazen segurtasun neurriekin oso konbentzituta ez zegoenik ere. Batzuk sarrerak eta irteerak modu ordenatuan egin zituztela bazioten ere, emakume iruindar honi "kaosa" iruditu zitzaion aretoko irteera. "Oso desegokia izan da. Normalean, festibal guztietan bozgorailutik adierazten dute nola egin behar den, eta hemen ez digute ezertxo ere esan. Nire ustez, irteera lerroz lerro egin beharko litzateke eta hemen ez dute halako ezer antolatu. Denok batera irten gara eta kaosa izan da", zioen kexati.
Donostiar bikote batek azaldu zuenez, segurtasun neurriak egokiak badira ere, antolakuntza "guztiz tamalgarria" da. "Sarrerak erosi eta nire emailera bidaliko zituztela esan didate, baina ez dituzte bidali. Leihatilan sarrera eske joan naizenean esan didate ezin zutela ezer egin, ez zizkidatela emango eta dirua ere ez zidatela itzuliko", salatu zuen gizonak. "Azkenean, jende pila batekin hitz egin ondoren, eta jada pelikula hasita zegoela, sarrera batzuk eman dizkigute; baina gure eserlekuetan jendea zegoenez, atzera bidali gaituzte. Ez dakit zer gertatzen zaien, baina oso oso gaizki joan da", gehitu zuen.
Denetariko irudipenak izan ziren lehen egunean, eta datozen egunetan ikusi beharko da, orokorrean, jendeari zer iruditzen zaion COVID-19ak baldintzatutako 68. edizio hau.
Temas
Más en Cultura
-
La exitosa saga de Santiago Segura "Padre no hay más que uno" da el salto a la televisión y se rodará en Gipuzkoa
-
Euskadi, invitada especial de la Conferencia Internacional de la Francofonía
-
Hallado el busto de Jim Morrison robado hace 37 años del cementerio de Père Lachaise
-
Delirium Tremens se despide para siempre