- Zer da Amaia Aberasturirentzat sorgin bat?

-Pelikula filmatu ondoren beste iri-tzi bat daukat. Sorgina gizonezkoek emakume libreak definitzeko erabili izan duten modua da; egia ez dena, noski.

Egun, oraindik, 'sorgina' aditzondo negatibo bezala erabiltzen da.

-Bai. Sorginak txarrak diren pertsonatzat hartzen ditugu, eta zenbait herriko San Juan festetan sorgin-panpinak erretzen dira. Ondo pentsatuz gero, nahiko makabroa da.

Non dago benetako boterea?

-Gaur egun, oraindik, boterea nahiko patriarkala da. Pixkanaka alda-tzen ari den zerbait da, emakumeok lekuak irabazten ari gara. Akelarren ikusten da, nola emakumeak, boterea dutenen rola hartzen saiatzen diren, oso zaila izan arren.

Pelikula historikoa izanik, gaurko ikuspegi feminista batetik begiratzen zaio iraganari?

-Bai, hori da ideia; gaiaren gaineko begirada emakumeena izatea eta ez gizonena.

Proiektu honetatik zerk erakarri zintuen?

-Nire paperak, Anaren pertsonaiak. Hasiera-hasieratik duen bizitasunak atentzioa eman zidan, nola ez duen beldurrik, lagunak nola zaintzen dituen. Gidoia irakurri nuen momentutik, pertsonaiaz maitemindu nintzen.

Laguntasuna diozu; suposatzen dut aktoreak ere lagun egingo zinetela.

-Dudarik gabe. Aktoreen lana, taldean egiten den zerbait da. Akelarren hori oso garbi ikusten da; nesketan konplizitatea nabaritzen da, eta pelikula osoan presente dago. Beste aldetik, Alex Brendemühli dagokionean, nahiz eta bere pertsonaia nahiko maltzurra izan, plazerra izan da berarekin lan egitea (barreak). Oso erraza egin zait berarekin lan egitea.

Nolakoa izan da Pablo Agüeroren zuzendaritzapean aritzea?

-Pablok oso begirada berezia dauka; modu positiboan diot. Oso begirada artistikoa du. Hasiera batetik bide berean ibili gara: batak besteari entzuten jakin dugula uste dut. Guk inprobisatzeko asmoa ere bazuen, baina, azkenean, ez zen denbora gehiegirik izan. Ideia hutsean geratu zen, nahiz eta zenbait momentu badiren apur bat inprobisatuak, baina askorik ez.

Bigarrenez izango zara Zinemaldian. Orain bi urte izan zinen aurrenekoz 'Vitoria, 3 de marzo' filma aurkezteko. Oraingoan, gainera, Sail Ofizialean lehiatuko zarete. Pozik?

-Ez nuen espero Akelarre-k horren harrera ona izatea. Gauza bat da Donostian Zinemaldian izatea, baina are potenteagoa da Sail Ofizialean egotea. Urduri ere banago, eta adi-adi.

Gaztetxotik ibili zara aktore lanetan; ofizio honetan jarraitu behar den bidea zaila da?

-Iraupen-lasterketa bat da: amets bat eduki behar duzu, haren atzetik ibili eta inoiz erortzen ez utzi. Batzuetan lan asko egoten da, eta bestetan ez hainbeste. Eta, sarritan, lana izateak ala ez izateak, ez du zurekin zer ikusirik, zortearekin baizik. Gerta liteke munduko castingik onena eginda ere ez hartzea; edo kontrakoa! Iraupen-lasterketa honetan ez amore emateko, hori kontuan izan behar duzu. Nire partetik, B plan bat badut: irakasle izatea. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ditut eta horrek lasaitasuna ematen dit.

Lan aldetik nola zabiltza orain?

-Hanka apurtu dut istripu batean, eta ezin lanik egin; baina casting-ak egiten banabil. Aurrena hanka sendatu behar eta gero gerokoak.