- Hamabost hizkuntzatan helarazi nahi izan dio mezua Samuel L. Jackson aktoreak Donald Trump presidenteari. Lehengo eta behin, euskaraz: "Zoaz popatik hartzera", esan dio bere Twitter kontuan partekatu duen bideo baten bidez. Gero, beste hizkuntza batzuk erabili ditu, tartean katalana. "Zure ahotsak axola du" dioen kamiseta eta "bozkatu" dioen maskara jantzita, Estatu Batuetan azaroaren 3an ospatuko diren hauteskundeetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi izan die bere 8,5 milioi jarraitzaileei.

2008ko hauteskundeetan Barack Obamaren alde agertu zen aktoreak demokrazian parte hartzearen aldekoa den HeadCount erakundea babesten du. Pulp Fiction filme ezagunean protagonista izandakoren bideoa aurreko txio batean bere jarraitzaileei botatako erronkaren emaitza da. Horretan adierazten zuenez, 2.500 jarraitzailek botoa emateko izena ematea lor-tzen baldin bazuen 15 hizkuntza ezberdinetan erakutsiko zien biraoka aritzen. Atzo partekatu zuen bideoa erronka horren emaitza da. Euskara eta katalanaz gain, vietnamera, ukrainera, suajilia, nepalera, islandiera, haitiera, maoriera, esperantoa edota thailandiera erabiltzen ditu, besteak beste. Bideoak, jadanik, 4.400 birtxioka baino gehiago izan ditu.