Urtero apirilean ospatu ohi da, baina orduan atzeratu egin behar izan zuten koronabirusaren pandemia zela eta. Sara, Lapurdiko herri txikia, euskaltzale eta euskal literaturaren eta liburuzaleen topaleku izan zen atzo berriro ere, euskal kulturaren Iparraldeko jai handian; gainera, Ikuska sariak ere banatu ziren, Mari Jose Basurco eta Koldo Amestoyk eskuratu zituztelarik.

Biltzarra udal kiroldegian egin zen, ohiko bi jardunaldien ordez egun bakar batera mugatuta. Ia ehun erakusle bildu ziren, eta hainbat autore eta editore ere bertaratu ziren, irakurleen gozagarri. Euskaltzaindiak aurten ere parte hartu zuen azokan, eta dagoeneko 37 urte daramatza hutsik egin gabe; gainera, lau nobedade aurkeztu zituen, Karlos Otegi, Henri Duhau, Itziar Madina eta Peio Jorajuriarenak.

Karlos Otegik XVII. eta XVIII. mendeei eskainitako euskal literaturaren ale berria aurkeztu zuen. Euskal Literaturaren Antologia. Testuak eta argibideak 2. Errenazimentutik ilustrazfiora. XVII eta XVIII. mendeak, bost zatitan banatuta dago: poesia, prosa, antzerkia, gutunak eta ahoskera formulak. Henri Duhauk, berriz, Adrien Gachiteguy: Laborantza. Laborantzatik hobeki bizitzeko liburuan, aita beneditar honen lanak aztertzen ditu. Eñaut Etxamendiren obra narratiboa (1964-2011): hurbilpen kritikoa lanean, berriz, Itziar Madinak Etxamendiren begirada kritikoa biltzen du bere argitalpenez betetako liburuki batean. Eta azkenik, Peio Jorajuriak Emil Larreren biografia kontatzen du Emil Larre 1926-2015: lekukotasun, kantu eta idazki deituriko liburuan, berak koordinatutako hainbat testurekin.

Euskaltzaindiak aurkeztu zituen argitalpen berri horiek eta, erakundeko Andres Urrutia zuzendariaren hitzetan, "helburua euskaraz idazten eta ikertzen dutenei babesa ematea da, baita ere Iparraldean egiten dutenei", eta, belaunaldi berriek ezagutu ditzaten, idazle klasikoen testuak berreskuratu eta argitaratzea. Elkarlan hau Euskaltzaindiak Iparraldeko erakunde eta kultur eragileekin duen harreman onari esker aurrera eraman ahal izaten dela gaineratu zuen.

Azokak ez zion uko egin berekultur agenda trinkoari, eta giroa bero-tzeko hainbat eskaintza izan ziren: irakurketa musikalak, aurkezpen literarioak, mahai-inguruak eta Arantxa Leizagoyenen marrazki eta margolanen erakusketa, besteak beste. Azokak goizeko hamarretan ireki zituen ateak eta arratsaldeko seietan itxi, hurrengo edizioak hain irrikatutako normaltasuna eta bi eguneko - bata profesionalentzat eta bestea publiko orokorrarentzat -ohiko hitzordua berreskuratzeko itxaropenarekin.