Ekaingo haitzuloan, Zestoako Sastarrain bailaran gure arbasoek ondare ikusgarria utzi zuten duela 14.000 urte. Paleolito garaiko labar-artea dago bertan gordeta, orduko ehiztariek egindako irudi artistikoz josita baitago. Euskal Herriko labar-artearen lan gorena kontsideratzen da Ekain, eta UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen 2008an. Jatorrizko leizera sartzea debekatuta egon arren, Sastarrain bailara misteriotsuan murgildu eta bertako sekreturik ezkutuenez jabetzeko bisita gidatu paregabeak eskaintzen ditu Ekain Fundazioak.

Ekaingo marrazki originalak bere horretan mantentzeko modurik onena koba itxita manten-tzea bada ere, Ekainberri izeneko erreplikak jatorrizkoan bageunde bezala sentitzeko aukera eskaintzen digu. Ekainberrira bisita egiteko bi modu daude.

Lehenengoa bisita xumea edota Ekain fast izeneko esperientzia da. "Ekainberrirako bisita zentzumenen bidaia bat da. Sastarrain bailaran sartzen garen unetik lehen gizakia bizi zen eremuan gaude. Ekainberrira iristeko ibilbidea oinez egin behar da errekaren ertz ondotik, eta pixkanaka, kobazulo garaiko giroan murgiltzen joaten gara", azaldu dio egunkari honi Xabier Fernandezek, Ekainberri Fundazioa kudeatzen duen Arazi enpresako koordinatzaileak.

Ekainberrin egiten duten lehenengo itzulia isilean egiten dute bisitariek. "Uraren soinuak lagunduta egiten dute hasierako buelta hori, eta kobazuloko margoak euren kabuz aurkitzera animatzen ditugu bisitariak", adierazi du Fernandezek. Kobari lehenengo begirada eman ostean, bigarren itzulian azalpenak ematen ditu gidariak. "Horma-irudi desberdinak ditugu guztia azaltzeko. Koba ilunpean egoten da, eta argidun erakusgailu batekin margoak argizta-tzen ditu gidariak. Horrela, Ekainen aurkitutakoak bere garaian zeukan balioa eta gaur egun daukana azaltzen diegu bisitariei", esan digu.

Bigarren esperientzia Ekain Abentura da. Kasu honetan, bisitaz gain, arkeologia esperimentaleko tailerra ere egiten dute bertaratutakoek. "Historiaurrean sua nola egiten zuten, nola margotzen zuten, eta nola ehizatzen zuten ikasten dute tailerrean", azaldu digu. Horretarako, Ekainberritik kanpora irten eta ehiza zirkuitu bat dute prestatuta. Gainera, gomazko basurdeak eta oreinak ere badituzte bertan, eta horiek ehizatzen dituzte bisitariek.

Azkenik, bisitariak erakusketa ikustera gonbidatzen dituzte. Ekain kobazuloaz gain, Euskal Herriko beste haitzulo batzuetan aurkitutako labar-artearen laginak eta Ekainen topatutako elementu batzuen erreplikak ere ikus daitezke bertan.

Ekainberriko bisita, Zestoako Lili jauregira egindakoarekin uztartu daiteke Sastarrain bailaran esperientzia osoago bat bizitzeko. Lili jauregia erdi arokoa da, eta bertako familiak gordeta utzi zituen idatziei esker, haien inguruko ezagutza nahikoa badugu: merkatariak zirela eta basoen jabeak zirela, besteak beste.

Liliko bisita oso berezia da, antzeztua baita. "Hasieratik argi geneukan Lilik ezin zuela museo soil bat izan, zerbait dinamikoa izan behar zuela", esan du Fernandezek. Beraz, Zestoako Antzerki Taldearekin elkarlanean, Lilitarren ohorea antzezlana antzezten du Andre Madalen pertsonaiak bisita gidatuan zehar. "Andre Madalen Lili jauregiko azken oinordekoa da, eta berak atea zabaldu orduko hasten da antzezlana. Bisitak 30 minutu inguru irauten ditu, eta Andre Madalenek Lili familiak idatzita utzitakoan oinarritutako istorioa kontatzen du", zehaztu digu. "Nik esango nuke kultuzko bisita dela. Liliko eskaintza oso berezia da, eta etortzen denari ere hala iruditzen zaio", nabarmendu du.

Ekainberriko bisita urte osoan zehar egin daiteke, eta aldez aurreko erreserba egitea gomendatzen dute. Asteartetik igandera egiten dute lan 10.00etatik 19.00etara.

Ekain fast esperientziak (bisita soilik) ordubete irauten du, eta sei euro balio ditu. Ekain Abenturak (bisita eta arkeologia esperimentaleko tailerra), berriz, bi orduko iraupena du eta zortzi euroko salneurria.

Lili jauregiko bisitak abenduaren erdialdetik martxoaren erdialdera eskaripean egiteko aukera badago ere, urteko gainerako hilabeteetan astebururo egiten dituzte. Larunbat arratsaldeetan 16:30ean gaztelaniazko bisita egiten dute eta 17:30ean euskarazkoa. Igandeetan, aldiz, 11:30ean gaztelaniazkoa eta 12:30ean euskarazkoa. Sarrerak sei euro balio ditu.