Mitologia grekoaren arabera, sexu gose aseezina duen gizonezkoaren sinboloa da Satiroa. Pertsonaia hori izan du inspirazio iturri Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997) Satiro antzezlana sortzeko. Iazko azaroan egin zuen estreinaldia Azpeitian, eta bihar izango du bigarren aldia jaioterrian. Soreasu antzokian egongo da ikusgai, 19:00etan.

Ballet puntak lehen aldiz jantzi eta ibiltzen eta mugitzen ahalegindu zenean ikusi zuen Agirrezabalak estreinakoz begien aurrean satiroaren itxura. Dantza klasikoan esperientziarik ez zuela-eta, berehala hasi zen gorputza bihurritzen antzezlea, eta, belaunak eta bizkarra okertu zitzaizkion halabeharrez. Gorpuzkera "arraro" hura ispiluan islatuta ikusteak erein zuen Satiro antzezlanaren lehen hazia. Orduan hasi zen Agirrezabala pertsonaia eraikitzen eta satiroaren esanahi sexualaren bueltan ikertzen.

Itxurari edukia eransteko bidea egin zuen ondoren, sexualitatearen inguruan hausnartzeko gonbita egin gura duen pieza aurkezteraino: "Giza sexualitatearen inguruan dugun begirada irekitzea da asmoa, sexualitateak berak duen konplexutasunarekin jorratuz". Emaitza pieza probokatzaile eta txundigarria izan da. Diskurtso "gordina" sortu duela dio antzezleak, eta ondorioz, "maila berean" dagoen estetikaz osatu duela halabeharrez mezua. Ballet punten gainean orekan, akerraren isatsa eta zango iletsuak bistan, betazal luzeak soinean, ezpainak gorriz ondo margotuta eta kaiola baten barruan. Halaxe agertzen da antzezlanaren protagonista, satiroa, oholtza gainean: "Pertsonaia hibridoa da, oso muturrera eramandako estetika batekin; horrekin aurkituko da ikuslea aurrez aurre, eta kontatzeko duena entzutea beste aukerarik ez du izango publikoak".

Satiroari entzunaz, nork bere desiren, fantasien edota praktika sexualen inguruan gogoetatzea bultzatu nahi du obrak, besteak beste. Giza sexualitatea gai konplexua dela baieztatu du Agirrezabalak, eta eszenografia indartsuarekin lagundu du mintzagai korapilatsua: "Satiroaren irudia da giza sexualitatearen desira eta fantasiak, giza erotika duen Satiro bat, bakoitzak barnean edukiko genuen Satiro bat. Satiroak atera egin nahi du hortik; eta, zer izango litzateke Satiroa askatuko bagenu?".

Sexualitateari heltzeko bide andana daudela jakin badaki Agirrezabalak, eta gai zein afera askoren artean katigatua egon ohi dela; horregatik, diskurtso "gordinaren" bidez azpigai ezberdinak jorratu nahi izan ditu: txikitako instintuak, pornoaren erabilera, mina eta plazera edo praktika ez-komunak€ "Gaia bera konplexua da gure sexualitatea ere konplexua delako eta horrela tratatu behar delako", nabarmendu du.

Eduardo Galeanoren aipu bat ere erabili du Agirrezabalak gorputzaren inguruko bere irakurketa plazaratzeko: "Elizak dio: gorputza erruduna da. Zientziak dio: gorputza makina bat da. Iragarkiak dio: gorputza negozioa da. Gorputzak dio: ni FESTA bat naiz.". Hala dio Galeanok, eta azpeitiarra soka horretatik ibili da tiraka: "Antzerkiaren mezua da gorputza bera festa dela, aukeraz betetako festa bat, eta falta dena dela festa horretan arakatu eta festa izaera hori ematea gorputzari".

BAKARRIK, BAINA TALDEAN Sortzaile eta antzezle, bietan aritu da Agirrezabala Satiro-n. Oholtzan gorputz bakarra agertuko da, baina inongo momentuan ez da bakarrik sentitu azpeitiarra. Besteak beste, prozesu osoan Carmen Olano izan du kide. Gainerakoan ere, ez da inoiz bakarrik sentitu antzerkigilea. Lehenik, profesionalez inguratu da mezua hornitzeko eta interpretazioa fintzeko: "Sortzaile eta interprete izateaz gain, barkuaren lema nik eraman arren, beharrezkoa izan dut profesional ezberdinekin elkartzea beharrezkoa izan da; bai kanpo begiradako bai interpretazioan laguntzeko. Prozesuaren gauza ederrenetako bat hori izan da, besteekin elkartzea eta elkarlan bat sortzea bere osotasunean". Gero, diskurtsoa zorrotz eta tentuz eraikitzeko: "Formatu behar izan naiz sexu heziketan eta sexologo ezberdinak izan ditut bidelagun diskurtso on bat eraiki ahal izateko". Azkenik, zuzenekoetan publikoa izan du konplize: "Ikuslegoarekin nago, badaukat hartu emana, eta beraien erreakzioekin, ez naiz bakarrik sentitzen".

Ballet puntetan ibiltzearen ohitura faltaren eta gorpuzkera kiribilduaren ondorioz, fisikoki "gogorra" den obra bat dela aitortu du Agirrezabalak. "Funtsezkoa izan da fisikoki entrenatzea eta prestatzea. Gorputzetik egiten dut lan, hori da nire lanabesa eta entrenatzera noala esatea lanera noala esatea da".

BIGARREN BUELTA 2019ko azaroan estreinatu zuen Satiro, eta konfinamenduaren osteko bigarren buelta egiten ari da orain. Ibilian, pieza eraldatuz joan dela kontatu du azpeitiarrak, eta "funtsean" berdin jarraituko duen arren, "asko" aldatu dela antzezlana. Biharko saiorako gogotsu dago; estreinaldietako ohiko "kaosaren" ondoren, oholtza berriz ere zapaltzeko prest da satiroa.