- Ez da kontu berria, euskal literaturgintza beti egon da kolokan, baina COVID-19ak eragindako egoera "ezin larriago" honek ezin iraunezko egoerara eraman ditu sortzaileak eta baita liburugintzaren katea osatzen duten enpresa eta autonomoak ere. "Euskal liburuaren sektorea ataka larria dago".

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako literaturgintzaren arloko elkarte nagusienek sektorea berpiztu eta salbatze aldera ituna sinatu eta ezagutzera eman zuten atzo Donostian. Sektorearen erradiografia bat egiteaz gain, manifestu horrek neurri pizgarriak ere proposatzen ditu.

Bosten artean adostu dute manifestua: Euskal Idazleen elkartea, Euskal Itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkartea (EIZIE), Galtzagorri, Nafarroako Editoreen Elkartea (Editargi) eta Euskal Editoreen Elkartea. "Kulturaren baitako sektoreak, eta bereziki liburugintza sektorea, ezinean dabiltza; 2008az geroztik atzeraldiak eta krisiak metatzen joan dira, ez ordea, sektoreari bideratutako diru-laguntzak, hauek orotara txikitu egin baitira. Azken krisialdi honek eragindako kalteak are dramatikoagoak dira, aipatzen ari garen kultura eta nabarmentzen ari garen liburugintza euskaraz sortuak direnean, berez ezin larriagoa den egoerari gehitu zaizkiolako", dio adostutako dokumentuak.

Elkarteek euskal kulturaren alde "baliabide eta inbertsio" gehiago eskatu dituzte, baita "instituzioekin akordio iraunkorrak" ere, "inguratzen gaituzten kultura hegemonikoekin elkarbizitzan" jardun ahal izateko eta euskal kulturak biziraun dezan, noski. "Entzun gaitzaten eskatzen dugu", aldarrikatu zien atzo Euskal Editoreen Elkarteko presidente Joxemari Sorsek erakundeei.

Donostian bildutakoek salatu zutenez, literaturgintza "soberakin eta apurretatik irautera kondenatuta" dago; beste arlo batzuetara, "manufaktura-industriara, azpiegitura erraldoietara, automobilgintzara eta turismora", esaterako, "guztion baliabideak bideratzen" diren bitartean. "Tamalez, kulturaren espresio gehienak bigarren mailako jardun gutxitu, menpeko eta ez-beharrezko gisa jotzen dira ekonomia produktibo hutsaren logikatik", kexatu dira literaturgintzaren ordezkariak.

Honi aurre egiteko eta sektoreak bizirautekotan, "aitortza, inbertsioak, sustapen kanpainak, konpentsazio-neurriak eta aldaketa estrukturalak" behar dituela uste dute sinatzaileek, aipatutako akordio instituzional iraunkorren bidez.

Ordainketak. Sortzaileei krisiak eragin dien %100 ordaintzea.

Estatus berezia. Sortzaileei estatus berezi bat aitortzea, liburuen inguruko edozein jardun "odisea burokratiko eta gogaikarria" bihur ez dadin.

Abantaila fiskalak. Sortzaileei abantaila fiskalak eta bestelakoak ematea, beren jarduna herri baten identitatean eta garapenean ezinbestekoa izanagatik ere, defizitarioa delako ekonomia molde honetan.

Programak. Hezkuntza eta Kultura sailek orain arte eraman dituzten programa literarioak ez etetea.

Jardun literarioak. Liburutegi, mediateka, kultur etxe eta elkarteen ekimenez antolatzen diren jardun literario, irakurle klub eta tailerrak ez daitezela eten eta besterik ez bada telematikoki egin daitezela; jarduera horiek diruz laguntzea eta sustatzea.

Baliabide gehiago. Jarduna ez eteteko baliabideak eskura jar-tzea eta diru-laguntzak ematea. Atzean geratu edo egin ezingo direnen kasuan, sortzaileari nahiz antolaketa lanetan aritu denari konpentsazio bat ematea.

Kredituak. Kreditu-lerroak irekitzea, instituzioek abalatuta.

Legedia. Liburua "lehentasunezko" produktutzat legez onartzea.

Zergak. Liburuari zergak murriztea.

Argitalpenei laguntzak. %25eko igoera literatura-argitalpenetarako laguntzetan.

Funtsak. Hezkuntza-liburuak sortzeko laguntzen funtsak handitzea.

Kanpainak. Liburu-bono kanpainak bultzatzea urteko sasoi desberdinetan eta proiektu berrietan, udaberrian, udazkenean eta eguberrietan, liburu-denden jarduna piztu dadin.

Lan berriak. Liburutegi publikoetarako paperezko liburuen eta liburu digitalen erosketak arintzea eta kopuruz handitzea, eta erosketa horiek inguruko bertako liburu-dendetan egitea.

Eskolak. Eskola-liburutegietarako erosketa-plan bat bultza-tzea, erosketa horiek ikastetxeen inguruko liburu-dendetan egin daitezen.

Arrazoiketa. Laguntza publikoak justifikatzeko luzamendua. Justifikazio hori gastatutakoaren araberakoa izatea.

Familiei laguntzak. Familiak behar dituzten liburuak erosteko laguntza "liburu-txeke" baten bitartez eta inguruko liburu-dendetan erabiltzeko, eta familiei zergak arintzea testuliburuak erosteagatik.

Publizitatea. Irakurketa bultzatzeko eta sektoreari prestigioa emateko sustapen, promozio eta publizitate-kanpainak egitea.

COVID-19ak eragindako egoera "ezin larriago" honek ezin iraunezko egoerara eraman du liburugintzaren sektorea

Ordezkariek "aitortza, inbertsioak, sustapen kanpainak, konpentsazio-neurriak eta aldaketa estrukturalak" eskatu dituzte