COVID-19aren ondorioz azken hilabeteetan geldirik egon ostean, hilaren 17an Gure Zirkuaren fokuak berriz piztuko dira. Aurrez iragarritako zortzi emanaldiek erantzun bikaina izan dutela ikusita, taldeak beste 15 saio iragarri ditu Orion. Beraz, Gure Zirkuak 23 emanaldi eskainiko ditu Orion uda honetan. "Ez genituen salgai sarrera gehiegi jarri eta gure asmoa salmenta pixkanaka abiaraztea zen. Dena ondo badoa eta beste emanaldiren bat antolatu behar bada, antolatuko dugu", azaldu zion atzo egunkari honi Iker Galartzak, proiektuaren sortzaileak.

Sarreren salmenta abiatu eta lehen 48 orduetan 2.000tik gora saldu ziren. Publikoaren erantzunak ez du asko harritu Galartza, izan ere, jendea "Gure Zirkua ikusteko gosez" nabaritzen baitzuten. "Gu ere itzultzeko desiratzen gaude. Orain entseguak egiten ari gara eta pista hutsik ikusteaz aspertuta gaude. Publikoa behar dugu eta baita gure musika hemen entzutea ere", nabarmendu zuen.

COVID-19aren ondorioz egoera berrira egokitzeko hainbat neurri hartu behar izan ditu lantaldeak. Nabarmenena, ziur aski, Portugaldik karpa berri bat alokairuan ekartzea izan da. "Lehengoaren bikoitza da eta baita harmaila kopurua ere. Gure karpa txikian 100 lagunekin geratuko ginateke, eta orain karpa berri honekin jende gehiago sartu eta distantziak bermatuko ditugu", esan zigun. Edukiera %50era mugatzea erabaki dute, nahiz eta, berez, %60a sartzeko aukera eduki: "Ikusleen %50a etortzen bada, 300 lagun sar-tzen dira. Badakigu %60a etor daitekeela, baina uste dut %50a nahikoa dela eta publikoa eta gu geu ere lasaiago egongo gara".

Pandemia honek Gure Zirkuak egin beharreko ibilbidea aldatzea ere ekarri du. Berez, aspaldi egon beharko zuen jira-biran, hainbat herritan ikusleen aurpegietan irribarreak marrazten. Hala ere, momentuz kokaleku egonkorra izango du. "Herri batzuetan konpromisoa hartuta geneukan eta herrietara ezin joan horrek amorrazio handia ematen du. Badakigu inor ez dugula zintzilik utziko eta leku horietara ere joango garela lehenago edo beranduago", azpimarratu zuen Galartzak.

Itxialdian zehar telelanean aritu da taldea eta ikuskizun berriak sortu dituzte, elkarlanean. Hala ere, zailtasunak izan dituzte norberaren etxean ezin baita horrelako zirku bat imitatu. "Etxean ezin da bi metroko kable bat jarri edota egongelan trapezio bat zintzilikatu. Ideiak elkar banatu ditugu, baina ziurgabetasun handiarekin", nabarmendu zuen.

Normalean, entseatzen hasten direnean zirkua muntatuta izaten dutenez gauzak probatzea errazagoa egiten zaie. Irudimena erabiliz, ordea, zenbait ideia berri eraman dituzte Oriora, eta orain, hiru egunen faltan, jo eta ke dabiltza guztia prestatzen: "Entseatzeko denbora gutxirekin gabiltza karpa honek lan handia ematen digulako: lan ikaragarria eman digu muntaketak, barrukoa prestatzeak, eta entsea-tzeko, egia esan, denbora gutxirekin gabiltza. Baina bueno, tarteak aprobetxatu behar dira. Denok pista gosez gaude eta txandaka entsea-tzen ari gara", esan zigun Galartzak.

"Nazkatuta" dago Gure Zirkuako lantaldea pandemiaren egoera honekin eta, neurri batean, baita kezkatuta ere: "Berriak egunero aldatzen dira eta auskalo zer gehiago gerta daitekeen. Guk lana egin nahi dugu. Guri gustatzen zaiguna horixe da eta gurea egin nahi dugu, baina ez da erraza. Beraz, ilusioarekin gaude, baina ea eusteko gai izaten garen".

Lehen bi denboraldietan 65.000 ikusletik gora erakarri ostean, Gure Zirkuak hirugarren urteari ekingo dio ostiralean. Asteko bost emanaldi eskainiko ditu, asteazkenetik igandera bitartean, arratsaldeko 19.00etan, Orioko Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoan. Emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko www.gurezirkua.eus webgunean eta baita zirkuko txarteldegian ere.

Asteko bost emanaldi eskainiko ditu Gure Zirkuak, asteazkenetik igandera bitarte, arratsaldeko 19.00etan