Aro Beilegia izeneko liburuarekin irabazi du Lizar Begoñak (Sopela, 1996) idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketa. Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak lehiaketa hau. Begoñak Aro Beilegia liburuaren bidez, kritika zuzena egiten dio gaur egungo gizarteari, sistema ekonomikoari, teknologiaren mendetasunari eta geure berekoitasunari; hori guztia hizkera liriko ilun baten bidez.