- Sandra Garayoa (Donostia, 1993) ilustratzaileak eta Itziar Otegi (Oiartzun, 1972) idazleak sortutako Lorerik gorriena albumak irabazi du Etxepare Sariaren 14. edizioa, atzo iragarri zuten bezala. Nafarroako 22 toki entitatek, Galtzagorri Elkartearen, Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatzen duten haurrentzako bilduma ilustratuen lehiaketaren edizio honetan 35 lan aurkeztu dira denetara. Arduradunek azaldu zutenez, saritutako obra Pamiela argitaletxeak kaleratuko du, euskaraz, datorren udazkenean.

Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne, antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek. Egileek azaldu zutenez, albumak “gutako bakoi-tzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo besteengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…”.

Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute lehiaketaren epaimahaia eta, euren iritziz, Garayoa eta Otegiren bildumak “ipuin tradizionalen onena” jasotzen du. “Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakutsi ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Edo agian bitartekariak berak (dela guraso, irakasle, izeba edo aitatxi), jasoko duen irakaspenik handiena”, zehaztu dute.

Halaber, testuaren idazketaren sotiltasuna eta argitasuna ere nabarmendu du epaimahaiak. “Zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presen-tzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia”.

Ilustrazio lanari dagokionez, Garayoak sortutako irudien indarra eta gama kromatiko neurtua ere goraipatu da. “Gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin. Testura eta trazuekin jolastu du, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz”.

Sandra Garayoa Cotera, diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da Bartzelonako Escola Massanan. Hainbat eremutan lan egin ondoren, azkenaldian narrazioaren alorrera bideratu da. Une honetan, hainbat album ilustraturen proiektuetan murgilduta dabil. 2017an irabazle izan zen Eva Toldrá ilustrazio sarien kategoria orokorrean, eta 2018an, berriz, finalista izan zen Junceda sarien sortzaile berrien kategorian.

Itziar Otegi Aranburu, bertzalde, itzultzaile-interpretea da lanbidez. Hainbat literatura-lan itzuli ditu, tartean Axenario (Jules Renard), Ez da erraza gizon on bat aurki-tzea (Flannery O’Connor) edo Tiger Lily: Heroi bat sortu da! (Maeve Friel). Azken horrekin, Vitoria-Gasteiz haur eta gazte literaturako itzulpen saria jaso zuen 2014an. LorerikGorriena haurrentzat idazten duen lehen ipuina da.

Antolatzaileak. Agoizko Udala, Antsoaingo Udala, Atarrabiako Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako Udala, Esteribarko Udala, Galar Zendeako Udala, Garesko Udala, Irantzu Mankomunitatea, Iruñeko Udala, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Tafallako Udala, Uharteko Udala, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua dira lehiaketaren antolatzaileak, euren euskara zerbitzuen bitartez.

35

Inoiz baino album gehiago aurkeztu dira Etxepare sariketaren 14. edizioan, ekimen honen arrakasta berresten duen datua.