Mendi ibilaldi bat eta musika uztartuz, rmuga proiektuak Euskal Herria mendebaldetik ekialdera "josi" nahi du. Uztailaren 14tik abuztuaren 1era arte, Angulo mendatetik abiatu eta Hiru Erregeen Mahairainoko bidea egingo dute mendizaleek, Urduñatik (Bizkaia) Izabaraino (Nafarroa), Oñati, Leitza eta Orreaga bezalako udalerrietatik pasa ondoren. Tartean gainera, besteak beste, Donostiako Orfeoiak, Mikel Urdangarinek, Eñaut Elorrietak, Maddi Oihenartek, Hertzainak taldeko Josuk eta Garik, edota Niko Etxartek kontzertuak eskainiko dituzte, Et Incarnatus hari orkestrako musikariekin batera.

Urmuga egitasmoa Donostian Tabakalerako Taba espazioan aurkeztu zuten atzo antolatzaileek, Migel Zeberio zuzendari artistiko eta musikariak, Felipe Uriarte zuzendari tekniko eta mendizaleak eta Miren Zeberio Et Incarnatus Orkestraren ordezkariak. Halabeharrez, COVID-19ak proiektu honen bilakaera ere astindu du, Migel Zeberiok aipatu zuenez, eta ondorioz, "zenbait xehetasun" argitu ezinean dabiltza oraindik. Halere, honek guztiak ba omen du bere alde onik ere: "uda ezberdin" honetan, Urmugak "sorpresa interesgarria asko" izango ditu eta.

Zer da baina, mendizaleek erabiltzen duten "urmuga" terminoa? Orain 40 urte Everesteko euskal espedizioan parte hartu zuen kide baten erantzuna baino hoberik ezin topatu: "Burgoseko mugatik Hiru Erregeen Mahiraino doan ertzari urmuga esaten diogu mendizaleok", azaldu zuen Uriartek. Ibiltaria mendebaldetik ekialdera bide honi segika joaten bada, ezkerrera begiratzean Kantaurin itsasoratzen diren ibaiak ikusiko ditu; eskuinera begiratzen badu, aldiz, Ebrorekin topatu eta ura Mediterraneoan isurtzen duten ibaiekin egingo du topo.

"Aspaldidanik dugu mendizaleok urmuga hau egiteko ohitura", esan zuen; eta jarraian zehaztu zuen, kasu honetan, "muga" hau herrialdea "batzeko" erabili nahi dutela, zatitzeko izan ordez. "Mugek bereizi egiten dute, itxi. Baina ekimen honetan urmugak ez du bereizten; guk ertz luze fin hori hari bat bailitzan ikusten dugu, eta hari horrek Euskal Herria josi egiten du: mendebala ekialdearekin, eta hegoa iparrarekin. Urmugak herria josi eta batu egiten du", azpimarratu zuen.

Herria josteko, antolatzaileek Urmuga egitasmoa musikarekin "busti" nahi dute, eta horretarako Et Incarnatus Orkestraren lana berebizikoa izango da. Etapa ezberdinetan, bai herrietan, baita mendi tontorretan ere, musika emanaldi "berezi eta ikusgarriak" antolatu dituzte. Antolatzaileek azaldu zutenez, edozein mendizalek izango du aukera ibilbidea osotasunean burutzeko, edota norberak bere nahieran, astebeteko zatiren bat egiteko. Etapa bakoitza tokian tokiko mendi elkarteekin antolatuko da, eta mendi-gidari batek zainduko du mendizaleen ibilia.

2021ean mende laurdena beteko duen Et Incarnatus Orkestra izango da proiektuaren oinarri musikala. Abiapuntu horretatik hasita, Euskal Herri osoko artistak gonbidatu nahi izan dituzte, eta Urmugak osatzen duen ibilbide horretako zenbait lekutan kontzertuak eskainiko dituzte, formatu txikian zein handiagoan, orkestra bere osotasunean musikari gonbidatu gehiagorekin. "Urte asko daramatzagu horrelako artista eta abeslariekin lanean, grabaketak ere egin izan ditugu, guretzako bereziki egindako moldaketekin, gainera; ilusio handiarekin gaude, oso ekimen polita izango baita", gehitu zuen Miren Zeberiok. Kontzertuen kokapenak ere oso "bereziak" izango direla aipatu zuen. Egitaraua ikusita, hala dirudi. Esate baterako, uztailaren 14an Arabako Tologorri mendian joko dute; 17an, Bizkaiko basoan; eta 20an, Aizkorrin.

Tologorri mendian: Hari laukotea, Maider Zabalegi eta Flavio.

Bizkaiko basoan: Josu eta Gari (Hertzainak), Maddi Oihenart, Et incarnatus Orkestra, Igor Elortza eta Unai Iturriaga eta musikari laukotea (Gorka Benitez saxoan, Itsaso Etxebeste baxuan, Juantxo Zeberio pianoan eta Karlos Aranzegi baterian).

Aizkorrin: Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio.

Lareon: Donostiako Orfeoia, Et incarnatus Orkestra, Eneko Dorronsoro (trikitia) eta musikari bikotea (Gorka Benitez saxoan eta Juantxo Zeberio pianoan).

Aizpearron: Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus Orkestra, Txomin Artola

Leire, Kristina eta Leutria, eta musikari laukotea (Gorka Benitez saxoan, Juantxo Zeberio pianoan, perkusioa,

Enrike Solinis).

Baigorrin: Donostiako Orfeoia, Et incarnatus Orkestra, Niko Etxart,

Xendarineko Ahizpak, Eltzegor, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta eta musikari laukotea.

Okaben: Euskal Barrokensemble.

Nafar pirinioan: Zehazteke.

Hiru Erregeen Mahaia: Amaierako festa kontzertua.