Arte zuzendaria dugu Iratxe Reparaz (Arbizu, 1995). “Buruan duzun ideia horri bisualki forma ematea da nire lana, baita ahalik eta espresio gehienetan hura transmititzen asmatzea ere”, laburbildu du nafarrak. Leioan Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi ondoren, Bartzelonan abiatu zuen bere ibilbide profesionala Reparazek. Publizitatearen eta artearen arteko marra oso fina dela dio arbizuarrak, eta bietatik edan dituen ezagutzak uztartuz, Euskal Herriko zenbait musika talderekin dituen hainbat lanetan murgildu da orain, “musikaz harago, esperientzia borobilagoak sortzen laguntzeko asmoz”. Zetak, Xabi Bandini edota Nafarroa 1512 taldeekin egin du lan, eta proiektu gehiagotan aritzea ere nahiko luke.

Galduta gaudenontzat… Zer egiten du arte zuzendari batek musika talde batean?

Jende askok galdetzen dit hori, lasai. Modu sinple batean azalduta: taldeei laguntzen diet buruan dituzten ideiak bisualki garatzen. Askotan gertatzen da, kriston asmoa eduki baina horri forma ematerakoan blokeoa sentitzea. Nola egin? Norekin? Transmititu nahi duten mezu hori barneratu eta makineria martxan jartzen dut nik.

Makineriak ze esparru hartzen ditu?

Taldearen beharrizanen edo asmoen arabera, baina pentsa, abeslariaren janzkeratik hasita soinu teknikarira arte. Faktore ezberdinak orekatzean dago gakoa, talde gisa edo kontzertu jakin batean sortu nahi duzun esperientziaren arabera. Horren arabera set jakin bat prestatu beharko du argi teknikariak, baita soinu teknikariak ere, arropak modu batekoak izango dira… Inplikatuta dauden profesional ezberdinak bildu eta denek norabide berean lan egin dezatela lortu behar du arte zuzendari batek.

Horiek guztiak bilduta bideoklip batean ikusiko ditugu, adibidez.

Hala da. Bideoklip batean aurretik aipatutako faktore gehienak agertzen dira, eta nire lana izango da abestiarentzako eta taldearen helburuentzako egokiena den zuzendari bat aukeratzea lehenik, eta ondoren, detaile guztiak orekatuta egon daitezen esparru ezberdinetako artistak gurera ekartzea. Hau da, nik ez ditut bideoklipeko protagonistak edo arropak zeintzuk izango diren erabakiko, baina erabaki hori hartuko duen profesionalik onena aukeratuko dut.

Zetak-en bi bideoklipetan hartu duzu arte zuzendariaren ardura. ‘Errepidean’ izan zen lehena.

Bartzelonako publizitate agentzia batean lanean ari nintzen lanean Pello Reparazek Errepidean abestiaren bideoklipa egiteko proposamena luzatu zidanean. Agentzia horrek ikus-entzunezkoen zuzendari bikainak ezagutzeko aukera eman zidan, eta Eloi Colom zuzendari katalanarekin jarri nintzen harremanetan. Bion artean osatu genuen taldea eta Euskal Herrira etorri ginen pieza grabatzera, joan den udan. Hau esanda, ematen du dena milimetrora kalkulatuta genuela sekulako lana egiteko, ezta? Ba begira, Errepidean bideoklipak izugarri eguzkitsua izan behar zuen, beroa… Baina Euskal Herriko eguraldia errusiar erruleta bat da, eta urteko astebururik txarrena egin zuen. Ez genuen gehiago itxaron, aurrera jarraitu genuen. Amaieran, pozik. Hori da gure ingurua hoberen islatzen duen argazkirik fidelena.

Lanerako taldea osatuta, nola aurre egin bideoari?

Nostalgiaz hitz egiten duen istorioa da Errepidean, nostalgia mina sortzen duen kontzeptu gisa ulertuta, baina, aldi berean, norbaitekiko sentitzen duzun maitasunaz ohartarazten zaituen zerbaiten modura ere, lagunak kasu honetan. Gertaera errealetan oinarritutako istorioa da, gerora benetako aktoreekin egindakoa ere. Urtero Muxikako [Bizkaia] gazte egunera joaten den lagun talde baten istorioa kontatzen da bideoklipean, eta horiek agertzen dira bertan. Hori guztia barneratuta, nire lana izan da bideoaren estilo bisuala definitzea; 16 mm-tan grabatzeko erabakia hartzea, nostalgia sentsazioari indar handiagoa emateko, lokalizazioak aukeratzea, jantzien ekipoa sortzea, atrezzistak, autoen eta balizko aktoreen castinga egitea, eta ondorengo muntaia eta koloreak gainbegiratzea.

‘Pater Noster’ pieza etorri zen ondoren, aurrekotik oso ezberdina.

Pater Noster heldu baten eta sei urteko haur baten arteko harreman anbiguo samarra da. Bideokliparen lehen blokea ikusita ikusleak helduarekin enpatia sentituko du eta euren arteko harremana osasuntsua dela pentsa dezake. Ez dakigu gizon hori apaiza, bere aita edo bere osaba den, auskalo, baina ez da aparteko ezer arrarorik somatzen. Bideoak aurrera egin ahala, harremana apur bat anbiguoa bihurtzen da, eta zalantzak sortzen dira. Inor ez da gai euren arteko harremana definitzeko. Zetak-en bigarren bideoklip honetan Loïc Grobety-Vega zuzendariarekin batera lan egin nuen, piezak proposatzen duen unibertso anbiguo baina errealista hori osatzeko. Elkarrekin gorpuztu genuen kontzeptua, baita lokalizazioak, atrezzoa, castinga eta jantziak aukeratu ere.

Zure laguntza izan dute ere Xabi Bandinik edota Nafarroa 1512-k euren lan berrietan. Figura berri bat azaldu al da euskal taldeetan?

Tira, figura ez da guztiz berria. Arte zuzendaritza ezberdinak daude: zinean, publizitatean, bideoklipetan… Oso leku ezberdinetatik heldu zaitezke arte zuzendaria izatera. Zenbait musika taldeek aurretik ere zaintzen zituzten atrezzoa, argazkiak, castinga edo eszenaratzea, ez dago zalantzarik. Arte zuzendari batek, baina, erabaki horiei guztiei ibilbide orri bat idatzi eta zentzu bat ematen die. Artea eta komunikazio estrategia lotzen ditu. Alegia, aspektu guztiak konkordantzian jartzen ditu, publizitatetik eta marketingetik hurbilen daudenetik espresio artistikoenetara arte, hain zuzen.

Azaldu ezazu hori, mesedez.

Bada, musika geroz eta gehiago sartzen da begietatik. Gaur egungo joerek ordenagailura eta telefono mugikorretara itsatsita egotera eraman gaituzte, eta inoiz baino garrantzitsuagoa da bisualki harrigarria izatea. Eta ez dut esan nahi hori kontuan hartzeko taula gainean agertzen zarenean, edo bideoklip batean, edo disko baten azalean soilik… Sortzen dituzun inpaktu guztietan saiatu behar zara harrigarria izatean. Oso posible da zure musikak norbaiten interesa ez piztea, baina bai zure argazkiek, zure kartelek, zure mezuek, zure sare sozialek. Gaur, inoiz baino gehiago, musikaz harago doaz taldeak, artea dira, eta horrek norbaiten gidaritza behar du, euren esentzian murgiltzen asmatzen duen norbait.

Jo dezagun adibide praktikoetara…

Begira, gogoan dut Pellok [Reparaz] Zetak talderako logo bat behar zuela esateko deitu zidanean. Eskatu eta lanean hasi nintzen ni, baina laster ohartu nintzen: “logoa behar al du Zetakek? Kolektibo izaera duen talde batek, zergatik ez ditu pertsonak eurak taldearen bandera bihurtzen?”. Hauxe izan daiteke lehen erabakietako bat.

Zetak-ekin jarraituz, tipografia zehatz bat ere asmatu duzue, ezta?

Esan beharra dago ahots propioa bilatzen ari den taldea dela Zetak. Nire partetik, hemendik hamar urtera begira planteatzen ditut erabakiak, oraina ahaztu gabe, noski. Zera esan nahi dut: denbora hori pasata, edonon dela ere guk utzitako arrastoak, musikalak eta ez musikalak, ikusten dituen horrek gu gogoratzea, arrastoak gurekin identifikatzea. Zentzu horretan, sortzen ditugun komunikatuak edota kartelak ikusi eta irakurri gabe ia, gugan pentsaraztea bilatu dugu. Zetak-en berezko tipografia sortu dugu horretarako, Bartzelonako Práctica eta Jordi Embosaekin batera. Letra mota hauek ez daude beste inon eskuragarri, eta ezaugarri berezia dute: Euskal Herriko balizko tipografia batetik hurbilen dauden zertzeladak hartu eta algoritmo bat sortu dugu: hau da, edozer idaztera goazenean, ez dakigu zein letra zehatz agertuko den.

Musika talde bati lotuta dauden detaile piloa aipatu ditugu elkarrizketa honetan, eta musikan bezala, beste hainbat esparrutan ere hala izango da. Ba al dago momentu honetan Euskal Herrian honetaz bizi ahal izateko adina lan?

Egia da hemendik kanpo lan eskaintza gehiago dagoela. Bartzelona, adibidez, oso hiri artistikoa da, aukera asko dago denetarik egiteko. Euskal Herrian ere maila izugarri ari da igotzen, bai exijentzia aldetik eta baita eskaintza eta proposamenen aldetik ere. Uste dut nirea bezalako figurak gero eta ohikoagoak direla inguratzen gaituen guztian, futbol taldeetan, politikarietan, edozein markatan… Gazteok gero eta indartsuagoak azaldu gara mundura, izugarrizko gaitasuna dugu bai teknologia eta erabaki-ahalmen aldetik gauza batez aspertzeko eta unean bertan baztertzeko, eta hortaz, inoiz baino gehiago zaindu behar ditugu detaile txikiak. Esango nuke bide luzea eta aberatsa dugula aurretik.

Zurekin lan egin nahi duen horrek, zer jakin behar du nahitaez?

Ezer baino lehen, uste dut garrantzitsua dela nire estiloa definitzea, egiten joan naizen proiektuen esentzia ulertu ahal izateko. Erabat bisualtzat dut neure burua, eta berehalakotasunak eta freskotasunak mugitzen naute. Inguratzen gaituen guztiaren inbentarioa egitea dut gogoko: objektuak, arropak, koloreak… Baldintza bakarra edertasuna da, bere forma guztietan, mundura ateratzea lortu behar dugula. Gauzarik zirraragarrienetik hutsaleneraino joan gaitezke pieza berean, izan ere, narrazioaren soiltasuna bilatzen dut nik, baliabide estetiko eta musikalekin jolasean, piezek indar espresibo eta freskotasun handiena izan dezaten.