DONOSTIA - Jose Luis Zumeta margolaria ostegun honetan hil da, 81 urte zituela. Zumeta euskal artearen azken 50 urteetako artista adierazgarrienetako bat izan da; GAUR kultur mugimenduaren sorreran parte hartu zuen Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu eta Nestor Basterretxea eskultoreekin, eta Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias eta Rafael Ruiz Balerdi pintoreekin batera. 1967an Euskal Pinturaren lehen Saria irabazi zuen Picassoren Gernikari omenaldia eginez eta, harrez gero, enkargu publiko ugari jaso zituen.

1939an jaio zen Usurbilen Jose Luis Zumeta, eta bere lanak Euskadiko zein atzerriko museo garrantzitsuetan, erakunde publiko eta pribatu askotan eta nazioarteko bildumetan daude ikusgai.

1989an, erakusketa antologiko bat eskaini zitzaion Bilboko Arte Ederren Museoan, eta erakusketa ibiltari batean ere parte hartu zuen: frankismoaren biktimei omenaldia (Madril, Sevilla eta Valentzia). Hurrengo urtean, beste bi atzera begirako erakusketa egin zitzaizkion, bata San Telmo Museoan eta bestea Arabako Arte Modernoaren Museoan.

Zumetaren pintura figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan kokatzen da. Ariketa plastikoa ulertzeko zuen modu pertsonalak eta kromatismo indartsuak berezi egiten zuten haren lengoaia espresionista, eta bere lana oso ondo egokitzen zen horma-pinturara eta formatu handiko mihiseetara.

Beste diziplina batzuetako euskal artista askorekin lan egin izan du, idazleekin edota abeslariekin, besteak beste. Bereziki azpimarratzekoa da Mikel Laboarekin izan zuen harremana, haren hainbat disko ilustratu baitzituen. Eta ezin aipatzeke utzi, hain ezaguna den bere herriko - Usurbilgo - frontoiaren atzealderako sortu zuen harrizko horma koloretsu ikusgarria.