DONOSTIA - Gutxitan ikusi eta askotan nabaritzen den intsektua da moskitoa. Hor dagoena, baina, heldu bezain pronto, badoana. Batetik bestera dabilena. Arina. Horrelako gogoetak, eta beste zenbait, ezkutatzen dira Igor Estankonaren (Artea, 1977) bosgarren poesia liburuaren izenburuaren atzean: Moskito (Susa, 2020). Azalean ageri diren hizki zuriez gaindi, ordea, liburua osatzen duten 80 poemen artean ez da inon ageri moskito berba. Baina haren ziztadak dirau, “liburuak uzten duen sentsazioa” da, nonbait, eltxoa. “Iradokitzailea” izan nahi du Estankonak izenburuarekin, enigmatikoa.

Badira hamaika urte Estankonak laugarren poesia liburua argitaratu zuenetik, Iratzeen esporak (Susa, 2009). Plazara orain bueltatu den arren, ez dio inoiz idazteari utzi; poemak ontzen segitu du, eta, bukaerarako, “kentzen eta kentzen” aritu dela aitortu du. Idazten ibili den arren, sorkuntza fase ezberdinak bizi izan ditu. Hasieran, idatzi, sortu, handik eta hemendik elikatutako ideiak paperean jarri. Orain urtebete inguru, ordea, beste zentzu bat hartu zuten testuek. Hasi zen poeta tiraderan gordetako paper eta zirriborroen arteko loturak egiten. “Biltzen eta biltzen joan naiz, eta 60-70 poema esku artean nituenean otu zitzaidan ordua zela horri guztia forma emateko”. Sormena zertxobait alboratu eta beste lan batzuk izan ditu ordutik. “Poemak errenkadan jarri eta ordena bilatu behar izan diet; idatzita nuena hartu, findu, birfindu, eta noski, baztertu”.

Azken urtebetea oso “bizia” izan da idazlearentzat, ekoizpen lanagatik propio bainoago, “finketa lanagatik”. Aukeraketa prozesuan zehar izan ditu buruhauste bat edo beste ere. Poemak nola eta zeren arabera multzokatu erabaki behar izan zuen Estankonak, besteak beste. Gaika antolatzeari muzin egin, eta egitura leunagoaren alde egin du, hain agerikoa ez dena. Irizpidea garbi du: “Poemaren borobiltasuna bilatzen dut, ez dut erabiltzen hainbeste irizpide tematikoa edo estetikoa.

Liburu bateko poemek finketaren emaitza behar dute izan”. Iragazkia pasatuta, bost ataletan banandu du liburua, eta orotara 80 poemekin osatu bilduma: Frontoiak, Elnaixement del Catalá escrit, Minxoriak, Zelofana eta eztia eta Luze, mehe eta bistozue. Horiek dira kapituluen lerroburuak; beste behin, agerian ez dauden berbak, esaldiak eta kontzeptuak. Atalen banaketa ez agerikoa “nahita” eginikoa da, liburua “arin eta erraz” joan dadin. Hieroglifiko tankera hartzen dute izenburuek; “igual dira poema baten zati, igual esaldi baten parte, erori eta errekuperatu ditudan hitzak… material birziklatua hori guztia ere bihurtu da inoiz atal baten titulua”. Misterioari eutsi dio Estankonak, irakurleari ere interpretazioaren ateak irekiz.

BETIKOAK ETA BERRIAK

Sakabanatuta egonagatik ere, badira liburuan zehar errepikatzen diren zenbait gai, Estankonaren “konstanteak” direnak, eta beste zenbait zertzelada berri. Nazio auzia, heriotza eta maitasuna izan daitezke betikoak, sortzaileak poema liburu orotan hizpide izan dituenak. Moskito-n aitatasuna edo bikote harremanen gorabeherak erantsi ditu, kasurako. Gaien esplikazioetan ez dira oharkabean pasatzen poetak lerroetara eraman duen erreferentzia soka luzea; hangoak eta hemengoak, hurbilekoak eta urrunekoak, gaurkoak eta atzokoak. Denetarik, “urte hauetan ikusi ditudan filmak, irakurri ditudan liburuak, behatu ditudan artelanak… horren denaren dekantazioa da Moskito”.

Irakur liteke Iruñea, Donostia, Orozko eta Baltzolako kobazuloa. Topa litezke lerro artean ere Erroma, Paris, Atenas, Mosku, Mexiko ala Kuba. Hezur haragizko izen propioak ere ez dira falta: Stalin, Dante, Maurizia, Joxe Arregi, Juan KruzIgerabide, Errementariko Juliana, Einstein eta baita idazlearen alabak eta bikotea. Luzea da zerrenda, oso. Beharbada, zailena erreferentziarik ez duen poema aurkitzea litzateke. Poemak hala eskatuta txertatzen ditu toponimoak, izen deiturak eta erreferentzia artistikoak Estankonak, hautu kontziente gisa. “Collage-aren parte dira; egin nezakeen ez aipatu, baina uste dut aipatzeak ematen diola irakurleari erreferentzia askoz sendoagoa poema interpretatzeko; edo, behintzat, poema sentitzeko”.

LITERATURARI LOTUTA SEGITZEKO

Haren eskutik jaiotako poemak irakurtzeko itxaronaldia luzea izan da, baina Estankonaren sinadura eta poesia ez dira sekula bereizi. Poesia kritika andana egin ditu, iruzkinen bitartez literaturarekin “zilbor hestea ez mozteko”. Gaur gaurkoz ere horretan dirau, besteak beste, gehigarri honetan bertan. Irakurritakoak ere baliagarri izan zaizkio idazketan. Lan horretan, ondoriorik atera badu euskal poemagintza “une onean” dagoela izan dela kontatu du Estankonak; bilakaera positiboa izan duela azken hamarkadan. “Bidea hasi zuten Joxean Artzek eta Xabier Letek, eta errematatu dute datozenek, Beatriz Chivitek edo Iñigo Astizek; nik asko ikasi dut haiengandik”. Zailtasunak belaunaldi berrien sarbidean ikusten ditu poetak: “Gazteentzat zaila da paperezko liburu bat plazaratzea, oso gutxi saldu eta merkaturatzen den generoa da poesia eta horrek sarbidea zailtzen die idazle gazte hasiberriei”.