Ezagun egin dira dagoeneko sare sozialen bitartez bizilagunek euren auzoetan dagoen festa giroa isla-tzeko zabaltzen dituzten bideoak. Zenbait tokitan, balkoira irten eta albokoekin hitz egin, bingoan jolastu... Eta, animatuenek, kirola ere egiten dute elkarrekin.

Hala ere, gure etxetik urrun bizi diren lagun eta senideekin berrogeialdia igarotzeko modurik ere badago: esate baterako, Egunean Behin mugikorreko aplikazioarekin. Euskal kulturan oinarritzen den galdera jokoa da eta aste honetan 75.500 erabiltzaile aktibotik gora izatea lortu du. CodeSyntax enpresa eibartarrak sortutako joko honetan, egunean behin gai desberdinetako hamar galdera erantzun behar dira -literatura, kultura, musika, geografia, pertsona famatuak, kirola, eta abar-.

Sailkapena sailkapen, astero bi irabazle egoten dira: lehenengoa, puntu gehien eskuratu dituena; eta bigarrena, zozketa bidez aukeratua. Baina hona hemen interesgarriena: aplikazioak taldeak sortzeko aukera ere ematen du eta horixe da lortu duen arrakastaren gakoetako bat.

Adibidez, tokian tokiko hedabideek euren talde propioa sortu dute hainbat herritan, eta jende askok har-tzen du parte bertan. Gainera, talde horiek lagun artera mugatu daitezke, edo baita familiako taldeetara ere. Egunean Behinek dituen 75.500 erabiltzaileen artean garaile suertatzea oso zaila da, baina imajinatu unetxo batez familiako taldea egin eta koinatuari irabazteak zer nolako poza ekarri dakiokeen norbaiti. Edota pentsa, inor baino azkarragoa dela uste duen neba edo ahizpa zaharra sailkapenean atzean uzteak seguruenik parapentean ibiltzearen gisako zirrara eragin lezake bakarren batentzat (izan ere, etxean sartuta egonda ere, adrenalina apur bat sentitzea ez baitago batere gaizki).

Baliteke aipatutako horiekin guztiekin jendeari Egunean Behin aplikazioa mugikorrean deskargatu -android eta iPhone sistemetan dago eskuragarri- eta egunero hamar galderak erantzuteko gogoa piztea. Norbaiti agian, onenetan onena izateko asmoz liburuak zabaldu eta galdera guztiak ondo erantzuteko ikasten hastea ere bururatuko zaio. Baina ez pentsa gero, horren erraza denik; izan ere, Egunean Behinek gai desberdinei buruzko 50.000 galdera inguru baititu eta CodeSyntaxeko langileak gehiago sortzen ari dira etengabe aniztasun handiagoa egon dadin. Galdera gehienak programa informatikoen bitartez sortzen dituzte, baina tarteka eskuz sortutako galderak ere ipintzen dituzte, berritasuna islatuz.

Erantzun beharreko galdera guztiak denen gustukoak izatea ez da erraza: ba-tzuentzat futbolari buruzko nahi baino galdera gehiago egongo dira, eta besteentzat, aldiz, geografiarekin zerikusia duten galdera gehiegi. Horregatik, CodeSyntaxek jendeak bere galdera proposamenak luzatzeko helbide bat zabaldu du: labur.eus/laburbehin.

Bertan sartu eta formulario erraz bati erantzunez gero, parte-har-tzaile guztiek gozatu ahal izango dute proposamenaz. Adibidez, norberaren katu edo txakurrari argazkia atera eta haren arraza zein den asmatzeko galderak proposatu daitezke; edota Euskal Herriko tokiren bateko argazkia igo eta gainerakoek zer leku den asmatu beharko dute. Hala ere, oso tematikoak eta oso zailak diren ekarpenak ez dituzte onartzen: erabiltzaile gehienentzat erakargarriak diren galderak nahi dituzte.

Orain arte, pertsona asko animatu dira euren galdera proposamenak egitera. Beraz, berrogeialdian zehar inork, Egunean Behinen jolastu eta koinatuari irabazteaz gain, gainon-tzeko jokalarientzat ere galderak sortu nahi baditu, has dadila burua astintzen.

Nola eskuratu. Egunean Behin aplikazioa doakoa da eta android eta iPhone sistemetan dago eskuragarri. 75.500 erabiltzaile aktibotik gora ditu.