Aurrekoan komentatzen zidan Ana Morales itzultzaile eta adiskideak: harrigarria da nola ekin ahal izan zion Charlotte Brontëk Shirley bere eleberri mardularen idazketari eta zuzenketari, inguruan zorigaiztorik handienak metatzen ari zitzaizkion bitartean, hots, Branwell, Emily eta Anne haren neba-ahizpen heriotzak, 1848ko irailaren eta 1849ko maiatzaren artean gertatu zirenak, bata bestearen atzetik. Shirley, XIX. mende hasierako Yorkshireko gatazka ludditen testuinguruan girotutako lana, 572 orrialdekoa, 1849ko urrian eman zen argitara.

Ez da, bistan denez, Charlotte Brontëren eleberririk ezagunena, Jane Eyre indartsuaren itzala luzeegia baita. Baina merezi du irakurtzea, bere erretratu sozial zorrotzengatik, umore finagatik eta hausnarketarako eskaintzen dituen aukerengatik. Nobela konbentzionalagoa da Jane Eyre-rekin konparatuta. Baina Shirley-k ere gozamenerako aukera handiak ematen ditu: Jane Austenen nobelen eitea dauka, neurri batean.

Misterioa hor dago, alabaina: zoritxarren “zero gunean”, liburuarekin aurrera egiteko gai izan zen Charlotte. Azalpen bat bilatzekotan, hautagai on bat izan daiteke kontsolamendua, literaturak eskaintzen duen ondasun preziatu hori: nobela horren bitartez bere ahizpak “berpiztu” ahal izan zituela, paperean bederen. Izan ere, duda gutxi dago Shirley Keeldar independentearen pertsonaia Emilyren ezaugarri batzuen gainean eraiki zuela, eta beste protagonista, Caroline Helstone apala, Annerengan oinarrituta egon zitekeela, akaso; horren alde hitz egingo luke, adibidez, liburuaren amaieran azken hori bizirik mantentzeko idazlearen erabakia, jatorrizko plangintzan hiltzea pentsatzen zuen arren. Fikzioa, bizitzaren emendakin eta, ondorioz, kontsolagarri gisa, alegia.

Beste azalpen alternatiboa anbizio literarioarena litzateke. Brontëtarrek osatutako “sorkuntzarako sozietatean” Charlotte izan zen loria literarioaren atzetik irmoen aritu zena. Bera izan zen, Emilyren poemak ustekabean deskubritu ostean, argitaratzeko plana bilbatu zuena, maila apalagoko bereak eta Annerenak sartuta bilduman. Charlotte izan zen, halaber, proposamena egin zuena ahizpak nobelagintzan saiatzeko, arrakasta eta, bide batez, diru apur bat lortzeko helburuarekin -emaitza denok ezagutzen dugu: 1847ko urte miresgarri berean argitaratu ziren Jane Eyre, Gailur ekaiztsuak eta Agnes Grey eleberriak-. Charlotte izan zen, ziurrenik, urrats horiek ematean, Branwell “lehiakidea” plan horietatik eta, ondorioz, Brontëtarren erkidego literario zaharretik, at utzi zuena, Laura Ramos saiakeragileak Infernales. La hermandad Brontë aipagarrian iradokitzen duen bezala (Penguin Random House, 2018). Charlotte izan zen, azkenik, Emilyren eta Anneren lanak, bereak baino erradikalagoak zirenak, egoki irakurrarazteko, hots, leuntzeko lehenengo saiakerak egin zituena, hitzaurreen eta bestelako erabaki postumoen bitartez.

Charlottek sekulako arrakasta izan zuen Jane Eyre bere lehenengo eleberriarekin, eta orduko merkatu literarioaren legeak ez ziren gure garaikoetatik horren ezberdinak: bigarren lan batekin jo behar zuen fuerte, berriro ere, eta ahalik eta bizkorren, Letren Errepublikan finkatu behar bazen. Eta, akaso, horixe saiatuko zen erdiesten, kosta ahala kosta. Kontsolamendua, beraz, ala anbizioa? Egiazki, batak ez du bestea kentzen, ziurrenik.