Síguenos en redes sociales:

mirarte

Erika Elizari hernaniarrak 'Zendabalitz' liburua aurkeztu du

2018an Igartza Saria irabazi ondoren, hernaniarrak helduentzako bere lehen eleberri luzea argitaratu du, 'Zendabalitz'

Erika Elizari hernaniarrak 'Zendabalitz' liburua aurkeztu du

donostia - Charles de Gaulle aireportua, Paris, goizeko hamarrak. Loiuko lurreratze-pista, bi ordu geroago. Tartean, turbulentziaz jositako hegaldi bat, zazpi bidaiariren pentsamenduei dagokionean behintzat. Erika Elizari hernaniarrak Zendabalitz liburua aurkeztu zuen atzo -goizez Donostian eta arratsaldez Beasainen-, 2018an Igartza Saria irabazi zuen laginaren behin betiko emaria.

Haur literaturan esperientzia bazuen ere -"enkarguz", Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak protagonista dituen hiru ipuin argitara eman zituen orain dela zenbait urte -, Zendabalitz Elizariren helduentzako lehen nobela luzea da, hegaldi baten ustezko kronika baino zerbait gehiago.

Eleberri poliedrikoa idatzi du hernaniarrak, komedia eta drama uztartuz. Elene, Gabriel, Paule, Xabier, Enara, Malox eta Sukaina Frantziako hiriburutik Euskal Herrira Boeing 737-800 I hegazkinean bueltan datozen zazpi bidaiari dira. Liburuaren kapitulu bakoi-tza pertsonaietako batean kokatu du idazleak; bere bidaia partikularra eta bururatzen zaizkionak narratu ditu, "buruan gertatzen den errotaren etengabeko jira-bira", minutuz minutu. Halere, ez dira zazpi istorio isolatu. Guztiak nahastu egiten dira eta denek irakurleari hegaldiaren berri ematen diote modu kronologikoan. "Hegazkina aitzakia da, gehiegi pentsatzeari buruz hitz egin nahi nuen; gure buruko bakarrizketa horiei buruz", azaldu zuen idazleak.

Elizarik Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen eta hamar urte eman ditu telebistako proiektuetan lanean -egun, Elhuyarrek eta ETBk ekoizten duten Teknopolis saioan lan egiten du-; orain arte, sormena bideogintzaren bitartez bideratu du. Baina bideogintzak, izan, baditu zenbait muga, bereziki "baliabide gutxi badituzu"; hegaldi batean gertatzen direnak konta-tzeko literatura tresna baliogarria izan zitekeela ondorioztatu zuen. Igartza Sariketaren berri bazuen, eta lehiaketara bidali zuen azkenean nobela bilakatu den lagina. "Saria ezagutzen nuen eta, momentu batean, zerbait eraiki nezakeela pentsatu nuen", adierazi zuen; gerora, osatzeko "presioa" ere sentitu duela, ez lehiaketa irabazi ostean argitaletxeak ezarritako epeengatik, behin betiko produktuarengatik baizik: "Lagina aurkezten duzunean hamabost orrialde aurkezten dituzu, baina liburua beste kontu bat da. Saria laginarengatik irabazi duzu, ez liburuarengatik".

Presio horiek gaindituta, emai-tzarekin "pozik" agertu zen atzo Elizari eta aditzera eman zuenez, hasierako ideiatik ez da gehiegi aldendu. "Hasieran harreman handiagoa izan behar zuen iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin; hori, orain, bigarren plano batean geratu da. Presente dagoen arren, ez da ardatza. Gainerakoan, pertsonaiak eta tramak mantendu egin ditut".

eleberri korala "Hegaldi gorabeheratsu baten kronika" hau aitzakia da idazleak landu nahi dituen beste kontu batzuei heltzeko: "Zenak, denak eta litekeenak edo izan daitekeenak -hortik dator Zendabalitz izenburua- sortzen dizkigun buruhausteei buruzko lana da".

Ehun bidaiari ontziratu dira Elizarik pleitatutako hegazkinean, baina irakurleak zazpiren "kezken" eta "gatazken" berri bakarrik izango du -hegaldian zer gertatzen den pertsonaia hauen bitartez konta-tzen baita-; irakurlea "kuxkuxean" ibiliko da eserlekuz eserleku, "bidaiarien maletetan eta kon-tzientzietan arakatzen".

"Gehiegi pentsatzen duten" pertsonaiei buruz idaztean, noizbehinka burua "deskonektatu" egin behar dugula aldarrikatzen du Elizarik. Horregatik, hain zuzen ere, Zendabalitz Izaroren Deabru abestiaren aipu batekin hasten da: "Sinetsi nahi dut denok dugula errotuta kaosa, hura maitatzen ikastea ote bizi honetan poza?". "Gutxien pentsatuta egin ditudan gauzek eman didate poz gehien, besteak beste, Igartza Saria", aitortu zuen Elizarik.