DONOSTIA. Saioa Royo eta Ion Martinez 'Txiki' aktoreak eta Egoitz Zelaia, Factory Logistikako ordezkaria, 'Birritan bortxatua' antzezlana aurkezten izan dira gaur goizean Donostiako Gazteszena aretoan. Fikziozko antzezlan honek Nagore izeneko emakumea du protagonista eta bere hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azaltzen dira, bortxatua izan den unetik, salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu, epaiketa nola bizi eta epaia jaso bitartekoak. Lanak errealitatean gertatutako hainbat bortxaketetan du oinarria. Otsailaren 22 eta 23an estreinatuko da Egiako Gazteszena aretoan.