Iaz Gipuzkoan zehar 84 ikus-entzunezko proiektu filmatu ziren eta, guztira, 35 milioi euroko aurrekontua izan zuten,. Donostian zein Gipuzkoako beste udalerri batzuetan filmatu ziren; horien guztien eragin ekonomikoa 10 milioi euro ingurukoa izan da.

Datu horiek eman zituzten atzo Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Enrique Ramos Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, ikus-entzunezkoen filmaketak errazteaz arduratzen den San Sebastián-Gipuzkoa Film Commissionaren iazko jardueraren balantzea eskaintzerako orduan.

Donostiako Sustapena udal sozietateak eta foru erakundeak eskualdeko garapen agentzien bitartez osatzen duten batzordeko arduradunek "historikotzat" jo zuten iazko ekitaldia, erakundeak babestu dituen proiektuen "neurria eta kalitatea kontuan izanik" eta Gipuzkoaren eta Donostia hiriburuaren irudiari eman dioten "oihartzunagatik".

Telleriak adierazi zuenez, erakundearen urteko balantzeak argi erakusten du "kultura ere aberastasun eta enplegu iturri garrantzitsua" dela ekoizpenek hainbat sektoretan izan duten "eragin ekonomikoagatik", eta, horrez gain, Donostiaren eta Gipuzkoaren irudia "kanpoan" zabaltzen eta indartzen dutela nabarmendu zuen. Foru zuzendariak bide batez azpimarratu nahi izan zuen, SSGI Film Commission-ek ematen duen laguntza eta bitartekaritza lanak euskal ikus-entzunezkoen sektorea "indartzen" laguntzen duela, "urtea joan eta urtea etorri presentzia eta garran-tzia irabazten baitu".

2019ko grabazioetatik nabarmentzekoak dira Woody Allenen azken film luzea, behin-behineko Rifkins' s Festival izenburua izango duena, eta joan den udan Donostiako eta Gipuzkoako hainbat lekutan filmatu zena; eta baita Fernando Arambururen eleberrian oinarritutako Patria, eta Mariano Barrosoren La línea invisible telesailak ere.

Gipuzkoakoan beste film garran-tzitsu batzuen eszenak ere grabatu ziren, hala nola Ventajas de viajar en tren Goya sarietarako lau izendapen izan dituena, ETBren Goazen telesaila, eta Antena 3en Allí abajo telesailaren bosgarren eta azken denboraldia. Beste hainbat telebista nazional, estatal eta atzerritarrentzako programak eta lehiaketak ere filmatu dira gurean: TVEren programa ugari (Dónde comen dos, Flash Moda, San Sebastián Histórico edota Jo Soc Erasmus), ETBren Restaurante sin barreras, Ahotsak eta Karabana; Canal Cocinaren Cocina vasca; baita atzerriko hainbat telebistetarako saioak ere: Hego Koreako Maneras de comer, Greziako Masterchef Grecia edota Alemaniako Bustour. Eta telebistetarako programez gain, hainbat iragarki ere errodatu dira Gipuzkoan, batzuk azpimarratzekotan, Eusko Jaurlaritza, Eroski edo Laboral Kutxarenak, eta Zara Kidsek aurreko urtean grabatutako kanpaina.

Gainera, agenda ez da hemen amaitzen. Aurten, El Internado telesailaren remakearen filmaketa Gipuzkoan egingo da, Woody Allenen film donostiarraren errodajeaz arduratu zen Mediapro ekoiztetxearen eskutik.

Ana de Armas, Blanca Suarez edota Yon Gonzalez bezalako aktoreak izar bihurtu zituen Antena 3ren telesail mitikoaren bertsio berria Amazon Primen ikusiko da. Eta jakina, ez da hau izango Gipuzkoan filmatuko diren agenda marduleko osagarri bakarra; beste film "garrantzitsu" baten grabaketa ere prestatzen ari direla aurreratu zuten, nahiz eta oraingoz nahiago izan duten proiektuaren datu gehiago ez eman.