DONOSTIA - Hitz egin al daiteke umorearen mugei buruz umorea erabili gabe? Hitz egin daiteke historiako drama latzez, dramara jo gabe? Galdera horietatik abiatzen da Patxo Telleriak idatzi eta Jokin Oregirekin batera zuzendu duen Simplicissimus kabareta.

Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniar nobela pikareskoaren izenburua da. Gerrarteko ikuskizun baten izena ere izan zen. Lan honen muina eta inspirazio iturria, gerrarteko hiru alemaniar komikoen bizitza dira: Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink. Hiru komiko hauen historia nazien terrorearekin eta konzentrazio esparruekin estuki loturik dago. Hala ere, Telleriak berak azpimarratu bezala, ehelburua ez da nazien inguruko istorio bat kontatzea izan. Ez eta kontzentrazio esparruei, ez eta juduen arazoari buruzkoa. Benetako gertaera historikoen erreferentziak baztertu gabe, umorearen zilegitasuna eta balioaren inguruan hausnar-tzen duen lan bat da.

Komedia bat bezala definitu daiteke Simplicissimus kabareta ? Edo hurbilago dago dramatik?

- Badauka komediatik eta badauka dramatik ere. Benetan exititu ziren hiru komikoren istorioan oinarritu edo inspiratu gara, Alemaniako Berlingo kabaretetan aritzen zirenak. Komiko horiek Alemaniako hainbat herri desberdinetan aritu ziren, 1920ko hamarkada zoriontsuan hasi eta Holokaustoa iritsi arte. Imaginatu dugu nolakoa izango zen kabareta 20ko hamarkada horretan, hurrengo urte politikoki konbatiboagoetan, ondoren kontzentrazio esparruetan... Izan ere, komediante hauek kontzentrazio esparruetan kabareta egiten jarraitu zuten. Egoera guzti horietan, kabareta nolakoa zen irudikatu dugu. Azken finean, umorearen inguruan hausnarketa moduko bat egin dugu. Ze umore mota desberdinak dauden eta testuinguru desberdinetan gizakiak nola kudeatzen duen umorea. Umorea eta tragedia nahasteko modua ere izan da.

Maiz eskutik doazen bi hitz, umorea eta tragedia...

- Bai, denbora guztian. Obraren hasieran joku musikal moduko bat dago eta galdetzen da: zertarako etorri gara, barre egitera eta dibertitzera, edo serio jartzera? Eztabaida horretan koka-tzen gara.

Nola heldu zen zure eskuetara hiru komediante hauen istorioa?

- Kasualitatez, liburu bat irakurtzen ari nintzen: El humor en el III. Reich. Atentzioa deitu zidan jakitea kontzentrazio esparruetan komiko batzuk moldatu zirela horrelako tokietan kabareta egiteko. Nola zen posible hori? Komikoetako asko judutarrak ziren eta ezkerrekoak. Komiko asko eta asko eraman zituzten esparruetara eta horietako asko hil. Kontzentrazio esparruetan, egoera oso desberdinetan egiten zuten kabareta, batzuetan euren kideentzat, kontsolamendu moduan hainbesteko tentsio eta tragediaren erdian; eta beste batzuetan borreroentzat, hala eskatzen zietelako.

Umorearen mugetaz askotan hitz egiten da, gorantz eta beherantz egiten den umorearen inguruan ere... Zein da honen inguruan daukazun iritzia?

- Umorearen muga asko izan ditzake, baldin eta nork egiten duen. Azken finean, politikoki zuzenda dena edo ez dena, noren aurrean egiten dugun... Antzezlan honetan, bi umore mota bereizten ditugu: bata duina eta bestea zitala. Duina da boteretsuaren kontura barre egiten duena eta zitala ahularen kontura barre egiten duena. Nire ustez, hor dago muga. Botere-tsuaren kontura barre egitea, norberak ikusiko du noraino ausartzen den, baina azken finean zilegia da. Zilegi ez dena da ahularen kontura barre egitea. Gure protagonistek borreroen-tzat egiten duten kabaret horretan, behartuta egiten duten kabaret horretan, zera azaltzen dute: une honetan, umore zitala egiten dugu. Zaindariei grazia egiten diena ahularen kontura barre egitea baita. Ahularen kontura barre egitea delako muga etikoa.

Benetako istorio batean oinarritu zara, baina helburua ez da izan istorio zehatz hori islatzea, ezta? Hasteko, emakumezko pertsonaiak ere sartu dituzulako komedianteen paperean.

- Pertsonaiak benetakoak dira, baina kabaretean beti nahastu izan dira ongia eta gazkia, zuria eta beltza, eta baita gizona eta emakumea. Kabaretetan oso ohikoa izan da transformismoa, hau da, gizonezkoek emakumezkoen papera egitea eta alderan-tziz. Kasu honetan, guk horrela egin dugu. Hau da, pertsonaiak gizonezkoak dira baina emakumezkoek interpretatzen dituzte. Gertatzen dena da, guk ez dugula gauza dokumentalista bat egin nahi izan, ez zaigu hainbeste interesatzen pertsonaia horien biografiak baizik eta iradokitzen dituzten ideiak eta irudiak.

Zein izan da istorio guzti honetatik nabarmendu nahi izan duzun ideia?

- Alde batetik, euren karrera muturreraino eramaten duten komiko horiei gorazarre egitea eta, batez ere, umoreak hainbeste testuinguru desberdinetan egokitzeko duen gaitasuna agertzea. Umorearen aldarrikapen bat bada.

Iaz estreinatu zen obra, dagoeneko egin du ibilbidetxo bat. Nolakoa izan da harrera?

- Norbaiti gustatu ez bazaio, ez zait esatera hurbildu behintzat. Harrera oso ona izan dugu eta, batez ere, istorio oso originala dela izan da iritzi hedatuena. Oso gauza bakana, berezia eta berria da, eta istorioaren originaltasuna asko azpimarratu da. Ez da ohiko ikuskizuna.

Euskaraz egiten den lehenengo kabareta dela erran daiteke?

- Izan liteke. Gainera, ez dugu ohiko kabaret bat egin, kabaret berezi bat egin dugu. Oso zentzu politiko eta sozialekoa da, ikuskizun benetan berezia.

Berezia, eta Patxo Telleriaren zigiluarekin...

- Bai, saiatzen naiz erosotasun eremu horretatik ateratzen. Egiteko modu bat asko jorratu duzunean ibilbide horretatik pixka bat atera nahi izaten duzu, bide berriak egin, baina azken batean norberaren kaligrafia ez da erraza aldatzen. Esango nuke, nire aurreko ikuskizunak ikusi dituztenek nire estiloa nabarituko dutela, baina berrikuntzak ere aurkituko dituzte.