donostia - Udane Juaristi margolariak (Azkoitia, 1985) Oviedon egindako mural bat iazko horma irudi onenen zerrendan sartu du Street Art 360 izeneko arteari buruzko webguneak. Murala Oviedoko Parees Fest jaialdiaren baitan margotu zuen, hiriko Rosales kalean.

Taberna zahar baten fatxada izan zen erabiltako mihisea eta intentsitate handiko hiru egun behar izan zituen lana bukatzeko. Tabernaren jabeek euren arbasoen argazki zahar batzuk utzi zizkioten Juaristiri eta haietako bat erabili zuen abiapuntu gisa. "Eszena urbano bat sortu nuen. Atzealdean, aspaldiko kale bat agertzen da irudikatuta eta lehenengo planoan, aldiz, kaletik doan gaur egungo neska bat", azaldu zion atzo egunkari honi. Lehengo garaiak eta orainaldia mural berean irudikatu zituen horrela. "Azkenean, zuri-beltzaren eta koloreen arteko kontraste bat da", adierazi zuen azkoitiarrak.

Horma irudia egiteko pintura plastikoa erabili zuen. Bere iritziz, kanpoaldean margotzen denean beharrezkoa izaten da materialaren kalitate ona bermatzea: "Garrantzi handia du horrek; azkenean, eguzkiaren eta euriarekin hondatzen joaten da pintura eta komeni izaten da beti kalitatezkoa erabiltzea".

Street Art 360 izeneko webgune eskoziarrak 2019an mundu mailan egindako 100 horma irudi onenen artean sartu du Oviedon egindako murala, 66. postuan zehazki. "Sekula ez dut espero izan horrelako albiste bat jasoko nuenik eta gustura nago. Mundua oso zabala da eta 100 onenen artean sartzea oso berri ona dela iruditzen zait", esan zuen.

Une honetan, Rosales kalean egindakoa bere lanik ezagunena dela uste du, gehien zabaldu dena izan baita. "Parees Fest festibalaren barruan egin nuen eta uste dut bertako langileek nire lana asko zabaldu zutela, bai Estatu mailan eta baita nazioartean ere. Bestalde, sare sozialetan ere nahiko zabaldu zen". Bere iritziz, hedapen lan handi horren ondorioz iritsi da Street Art webgunearen aitortza.etxetik mundura Udane Juaristik Arte Ederrak ikasi zituen eta ordutik, artearen munduan jardun du lanean. Hainbat jaialditatik igaro da eta zenbait mural egin ditu hainbat txokotan: Donostian, Irunen, Lekunberrin, Baionan, Bartzelonan eta Madrilen, esaterako. Baina etxetik gertu ere, Azkoitian bertan, utzi zuen bere aztarna 2018an.

Herrian zerbait margotzeko gogoa zuela eta, udaletxera joan zen proposamenarekin. Han, Berdura plazako horma eskaini zioten eta leku horrekin zerikusia zuen zerbait egitea erabaki zuen. Horrela, emakume baserritarrei omenaldia egiten dien murala margotu zuen, egiten duten lana lehen planora eramateko.