Asko idatzi eta hitz egin da La Manada kasuari buruz. Ez dago horren argi, ordea, haren inguruan behar adina hausnartu edo sakondu den. Horretarako prestatu du Teatro Pavon Kamikaze taldeak Jauria antzezlana. Muntaia, antzerki dokumentalean espezializatuta dagoen Jordi Casanovasek idatzita du; egile honek Ruz-Bárcenasen inguruko lana ere prestatu zuen, eta testua sortzeko, 2018ko martxotik apirilera bitartean egindako epaiketaren transkripzioetatik abiatu da, bai eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Gorenaren ondorengo epaietatik, epaile, abokatu eta fiskalen hitzak ere barne hartuz.

Hitz horiekin eta emakumezko aktore bat eta bost gizonezkoekin (Maria Hervas, Ignacio Mateos, Raul Prieto, Fran Cantos, Alex Garcia eta Martiño Rivas), Miguel del Arcok proposamen arriskutsua, deserosoa eta batere atsegina ez dena zuzentzen du, "gizarte honetan bizi den maskulinotasun toxikoaren burbuila" erakusteko balio izango duelakoan. "Kasu paradigmatiko bilakatu den istorio honek agerian uzten duen gabezia handia mahai gainean jartzeko egin dugu antzezlana: mutil hauek eta beste jende askok, ezer txarrik ez zutela egin pentsatzen jarraitzen baitute" dio zuzendariak. Jaurian ez da ezer asmatu. Esaten den guztia esan egin zen. Orainarekin konprometitutako antzerki aktiboa da. Obra urtarrilean estreinatu zen Avilesen eta, ondoren, Madril, Sevilla, Benicassim, Langreo, Ribadavia, Valentzia, Montevideo (Uruguai), San Jose (Costa Rica), Bilbo, Gasteiz eta Iruñea bisitatu ditu; azken hiri hau betirako markatua geratu da 2016ko uztailaren 7an izandako eraso sexualaren eraginez. Ekainaren amaieran iritsiko da Donostiara.