donostia - National Geographic aldizkariak Juan Sebastián Elcanori eta lehen mundubirari eskainitako euskarazko edukiak argitaratu ditu lehen aldiz. Nazioarteko publikazioak eta Elkano Fundazioak estuki lan egin dute 2020ra begira 160 orrialdeko agenda bat kaleratzeko. Publikazioa bi eragileen arteko elkarlanaren ekarpen berria da: National Geographicek zirkunnabigazioaren inguruko bina artikulu argitaratu zituen.

Argazki koloretsu, irudi, plano eta orain dela bost mende Elcanok eta Moluketara abiatu zen espedizioak lortutakoa narratzen duten testuez gain, agendak asteko plangintza egiteko orrialdeak, oharrak har-tzeko bloka eta 2020 eta 2021ko egutegiak ditu: "Astez aste, munduaren ikuskera aldatu zuen bidaia hartako tripulazioak aurre egin behar izan zien joan-etorri eta gorabeherak azalduko dira orrialde horietan", gogoratu zuen atzo Elkano Fundazioak ohar baten bitartez.

Are gehiago, argitalpenak bidaiaren mugarriak gogora dakartza, berreskuratu egiten ditu espedizioaren berri eman zuten kronikagileen testigantzak eta mahai gainean jartzen du bidaian parte hartu zuten herrialde guztien partaidetza. Gainera, agendak toki berezi bat eskaintzen dio Getariako herriari, itsasoari lotuta dagoen "herri baten kultura azpimarratu" nahian. "Herri baten historiaren haria izanik, itsasoak gizarte eredu bati eta gizon eta emakumeen bizimodu zehatz bati forma eman dio", azaldu zuten fundaziotik.

Guztira, agendaren 5.000 ale argitaratu dira euskaraz -gaztelaniaz ere badira- eta kiosko eta liburu-dendetan salgai dago jada, 9,95 euroko prezioan: "Duela 500 urte gertatutako bidaia horretan euskarak ere mundubira egin zuen, on-tzi haietan hitz egiten zen hizkun-tzetako bat zen eta". Erakunde honek bultzaturik, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiaren kabinetearen diru-laguntza izan du.- N.G.