DONOSTIA. Berri Txarrak talde nafarrak kontzertu berriak iragarri ditu urrirako Euskal Herriko hainbat herritan. Beude biratik kanpo gelditu ziren aretoetan eta gaztetxetan izango da hirukotea urriaren 18tik 27ra bitarte. Taldeak jakinarazi duenez, sarrerak igande honetan jarriko dira salgai arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Gipuzkoan kontzertu bakarra iragarri du talde nafarrak, Hernaniko Oialume Biltokikoa alegia. Emanaldia urriaren 26an izango da, gaueko 21.30etan. Amurrion, Baionan, Elorrion, Getxon, Bermeon eta Larragan ere arituko da Berri Txarrak. Kontzertuok talde nafarra zuzenean ikusteko azken aukerak izango dira, azaroaren 23an emanen dutelako azkeneko kontzertua.