Transmisiotik abiatu eta nortasuna berreraikitzeko helburuarekin, jarraipena emango diote aurten Asteasun Pello Errota eta haren alaba Mikaela Elizegiren omenezko egitarau bereziari. Bertsolari handia hil zela ehun urte beteko dira datorren otsailaren 3an eta data baliatuz, Santa Eske berezia antolatu dute Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegi gonbidatu dituztela. Ez da hori izango, hala ere, ekitaldi bakarra, izan ere arnas luzea eman nahi diote egitarauari eta urte osoan zehar hainbat hitzordu izango dira aita-alaba asteasuarrak gogoratu eta bertako ondarearen balioa aitortu eta nortasuna sendotzeko asmoz.

“Kulturalki homogeneizatzen ari den mundu honetan, garrantzitsua iruditzen zitzaigun gure izaera aldarrikatzea, eta uste dugu Pello Errotak eta Mikaela Elizegik oso ondo irudikatzen dituztela Asteasuren izaera eta ezaugarriak”, aditzera eman zuen atzoko agerraldian Pili Legarra alkateak, Mikaela Elizegiren birbiloba denak, gainera. “Bere azkenetan, ohean ezagutu nuen, baina bere irudi oso garbia gordetzen dut. Oso emakume berezia zen, denek esaten dute, oso argia, berri-tsua eta indartsua, 90 urterekin Hernio puntara iritsi omen zen”, esan zuen alkateak.

Arreta berezia jarri nahi izan diote Mikaela Elizegiren irudiari; batetik, gaur egun Pello Errotaren berri baldin badugu, haren alabari zor zaiolako eta, bestetik, sortzaile gisa duen balioak ez duelako merezitako aitortzarik jaso.

Izan ere, Mikaelak berak kontatu eta kantatu zizkion Antonio Zavalari bere aitaren pasadizo eta bertsoak. Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan daude jasota kontaera horiek. Bernardo Atxagak sarritan goraipatu izan ditu Mikaelaren euskara eta sormen maila altua. “Etxean lan egin zuen beti, eta ez zen bere aita bezala plaza gizona izan; horregatik, beharbada, batek euskara landua zuen eta, bestea, bat-batekoan zen trebea”, azaldu zuen Gari Otamendi Udaleko komunikazio arduradunak.

Bide luzea eman nahi izan dio egitarauari Asteasuko Udalak, efemeride hutsetik harago, Pello Errotaren irudiak jasotzen dituen “balioak eta ondarea hedatzea eta sustatzea baitira helburu nagusiak”.

Unitate didaktikoa herriko eskolan

Urte osorako antolatu duten ekitaldi-sortaren aurkezpenarekin batera ezagutzera eman zuten atzo herriko Pello Errota eskolarekin batera sortu duten unitate didaktikoa. Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago, eta Pello Errotaren eta Mikaela Elizagiren aro historikoak hari gidaritzat hartuta, Asteasuren historia eta bilakaera lantzen ditu. Zuzenean, ez da bertsolaritza unitatean lantzen den gaia, bestela ere eskolan lantzen baitute haurrek.

Aitor Atxega Pello Errota eskolako irakaslearen ustez, eduki egingarria sortu dute. “Orain arte ez genuen horrelakorik eta mokoka ibili gara handik eta hemendik, literatur astearen baitan landuz, ahozkotasunari lotura... Orain, aldiz, unitate didaktiko txukuna sortu dugu, gauza erreala da, zuzena, eta uste dugu ez dela boladakoa izango, oso aprobetxagarria izango delako. Kontuan hartuta gure eskola Asteasuko eskola bakarra dela, bertako bizlanle denak, edo ia denak, gure eskolatik pasatuko direla suposatuko dugu eta horrek esan nahi du unitate didaktiko honi esker Pello Errota eta Mikaela Elizegiren berri izango dutela”, esan zuen Atxegak.

Unitate didaktiko berrian adin bakoitzari egokitutako konpeten-tziak lantzeko ariketak planteatzen dira: sormena, ezagutza, parekidetasuna, ahozkotasuna, etab. Esaterako, ikerketa-gaitasunak lantzeko Asteasuko errotak ezagutzeko irteera eta lanketa bat planteatzen du unitateak, baita Mikaelak kontatutako istorioen kontaketa, ahozko transmisioa lantzeko.

Bestalde, prestatutako egitarauaren baitan lehenengo hitzordua otsailaren 4an izango da. Santa Eske bereziarekin hasiko dira 2019 ekitaldiak. Ohituraz, Agustin Olarrea Goikoakoa, Aiako Lertxundi eta Haritz Mujika aritzen dira, baina aurten Aitor Sarriegi, Oihana Iguaran eta Maialen Lujanbio bertsolariak ere izango dira Asteasun kopla kantari. Beraz, aurten, sei koplari ariko dira.

Haiekin batera ariko dira Usarrabi koroa eta Juan Tapiaren ikasleak. Hiru talde egingo dira eta herriko beste hainbat gune edota auzo pasako dituzte. Horrez gain, Pello Errota eskolakoek goizean Andazarrete eta Upazan pasako dituzte. Goizetik gauera ez da koplarik faltako Asteasun eta azken erronda denek elkarrekin egingo dute tabernaz taberna, 20.30 arte.

Otsailak 4. Santa Eske berezia Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaran bertsolariekin, Trikitixa eta Pandero eskolako ikasleekin eta Usarrabi abesbatzarekin.

Martxoak 10. Erradikalak gara emanaldia, Ane Labaka eta Beatriz Agirrezabalarekin feminismoa ardatz harturik.

Apirila. Xabi Paya eta Bernardo Atxagaren hitzaldia.

Maiatzak 4. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasearen lehen saioa.

Maiatzak 17. Pello Errotaren bertsoen kantaldia Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Aitor Atxegarekin Santa Kruz ermitan.

Udazkena. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena Asteasun egingo da.