iruñea - Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatuta, Andoni Egaña bertsolariaren eta Xabier Lizaso pianojolearen Garai hura gara ikuskizuna eskainiko da gaur Iruñeko Planetarioan, arratsaldeko 19.30ean. Musika eta bertsoa uztartzen dituen emanaldian, XVIII eta XIX mende hasierako Europako kultur-joeren berri emango da, garai zehatz horretan bat egin zuten bi errealitate lotzen: Fernando Amezketarra bertsolariaren sorrera eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del País elkartearen eraketa, bere helburu nagusietako bat Ilustrazioa Euskal Herrira ekartzea zelarik.

“Ikuskizun honetan garai hartako kultur-joeren berri eman nahi da bai Europan oro har, bai Amezketa bezalako herri txiki batean”, azaltzen du Egañak berak. “Hurruneko errealitateak izan arren, oso hurbilekoak ziren: Amezketa eta Azpeitia (bertan sortu zen elkartea) oso hurbil kokatzen dira. Bi errealitate horiek txirikordatu ditugu, nolabait, eta garai baten ulermenen eta gozamenerako bide-argi izango zaizkigu”.

Sorkuntza-espresabide askotarikoen bitartez, Egaña eta Lizasok garai giroan murgilduko dute ikusleria. Musikan, Lizasok garaiko zenbait konpositoreren lana ekarriko du (Larrañaga, Gamarra eta Osinaga) eta baita Peñaflorida Kondearen hainbat obra ere.

Fernando Amezketarra ez da, alta, Egañaren bitartez taularatuko den bertsolari bakarra. Txabalegi eta Zabala, Izuelako artzaila, Juan Inazio Iztuetaren bertsoak? Guzti horiek marraztuko dute bertsolariaren iritziz Europako abangoardiarekin lotura estua izan zuen XVIII eta XIX mendeetako Euskal Herria. “Izan ere, Fernando Amezketarra belaunaldi baten lehenengo bertsolaria bezala ezagutzen bada ere, berarengatik iritsi zaizkigun bertsoak ahoz jasotakoak dira eta, beraz, ez guztiz fidagarriak”.

Bigarrenez elkarlanean

Ez da lehenengo aldia Xabier Lizaso eta Andoni Egaña ekoizpen batean biltzen direla. Izan ere, Xenpelar bertsolaria eta Chopin musikariaen bizitzak josten zituen Bi arreba ikuskizunean ere erakutsi zuten pianoaren eta bertsoaren uztarketak fruitu honak eman dezakeela. Lehenengoz Iruñean eskainiko den Garai hura gara iaz aurkeztu zen Donostiako Musika Hamabostaldian eta, Egañak erran bezala, “harrera oso ona izan du jendartean”.

‘Garai hura gara’. Gaur, Iruñeko Planetarioan, 19:.0ean.

Antolatzailea. Iruñeko Udala eta Nafar Ateneoa.

Ekoizlea. Lanku.