Nork hil du Andoni Egaña? Eta nork lapurtu dio Peñagarikanori 1991ko Gipuzkoako Txapelketan irabazitako txapela? Bi kasuok argitu beharko dituzte horretarako Barne Sailak jarritako ikertzaile batzuek, Xabi Paya eta Patxi Gallegok Bertsozale Elkartearentzat egindako Nork komikian. Susmagarrien zerrenda, euskal kulturako pertsonaia ezagunen zerrenda bezain zabala dukezu: beste bertsolariak, jakina, baina baita bertsolarien famak itzal egiten dien beste pertsonaia ugari ere, hala nola idazleak, sukaldariak, Olentzero, Txan magoa, Conquis-ekoak... Horiek guztiak ikusiko ditugu pasatzen komikiaren orrietatik, euskararen munduko benetako nor-da-nor batean.

Nor arduratuko da, baina, kasuon ikerketaz? Barne Sailak bere detektiberik onenak jarriko ditu lanean: erdi bertsolari erdi robot den Bertsocop, Jesika Fletxeberria amona sudurluzea, Fernandoren abenturetako Amezketako aguazila eta Itxaro Bordak sortutako Amaia Ezpeldoi detektibea. Laukote bitxiak bereak eta bi ikusiko ditu hilketa argitzeko bidean.

Nori zuzendua dago komiki hau? Azalean pertsonaia askoren karikaturak dituen umorezko komiki bat izaki (Pagadi, Olasagasti, Amets, Maddalen, Fermin, Perurena...), askok aurrejuzguengatik pentsatuko dute haurren-tzako dela. Baina publiko heldua du helburu Nork honek. Erabiltzen duen umorea eta euskal munduari egiten zaizkion erreferen-tzia ugariak ez dira umeek harrapatzekoak. Eta, gainera, atal erotikoak eta are pornoak ditu: Litugitxi/Bulma sexya, Uxue Alberdi dominatrix-a, Olentzero eta Mari Domingi txortan... Eta komiki honekin une eder bat pasatu eta barrez lehertzeko derrigorrezkoa ez bada ere, bertsozalea izanik are gehiago disfrutatzen da; izan ere, bertsolari ugari agertzen dira bertan, oraingoak zein lehengoak, eta baita bertso asko ere.

Hitzen eta irudien jolasa

Bertsozale Elkarteak bertso munduaren inguruko komiki bat egiteko enkargatu zionean euskal komikigintzan mugarri izan den Pololoak trilogiaren egile Patxi Gallego marrazkilariari, honek pentsatu zuen ez zuela bertsolaritzari buruzko ezagutza nahikorik eta gidoia egitea eskatu zion Xabi Payari. Hala izan ez balitz emaitza zein zatekeen jakin ezin bada ere, Payaren gidoiarekin bertsolaritzaren atala behintzat ezin hobeto ordezkatuta gelditu da. Eta umoreari dagokionez, badirudi ederto moldatu direla bi egileak. Komiki honetako umore fin, ganberro eta porno ukituek asko gogorarazten digu Gallegoren eta Pololoak-en umore mota. Areago, esango dugu Nork hau Pololoak bezain barre eragilea dela, baina hark zuen hausnarketa/ filosofatze punturik gabe, hau da, jolas eta dibertimendu hutsa da.

Bertsoari hitzaren jolasa deitu izan zaio. Nork honekin maila askotan jolasten da. Hi-tzarekin jolasten da bertsoaren presentzia handia baita, esan dugunez. Istorioarekin jolasten ahal gara, errudunak nor diren ikertzen parte hartuz nobela beltz batean edo Agatha Christieren whodunnit batean bageunde bezala. Eta irudiekin ere jolasteko aukera asko ematen zaizkigu. Karikaturizatutako pertsonaia asko nor diren asmatzen aritu gaitezke, edo irudi moduan utzitako detaile eta keinu ugariak deskubritzen (esaterako, Uxue Alberdiren gelan lurrean dagoen ilargi pila).

Egileek aipatu dute Nork-Nori-Nor trilogia bat egitearen aukera ez dutela baztertzen. Bada, zain izango gara!