donostia - Sustrai Colina lapurtarrak irabazi zuen atzo Ipar Euskal Herriko bertsularien txapela Baionako Lauga gelan. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolari txapelketaren finaleko buruz burukoa Colinak eta Maddalen Arzallusek jokatu zuten eta lehenak batu zituen puntu gehien (816,5).
Xilaba txapelketak laugarren edizioa zuen aurtengoa eta aurreko hiruetan Amets Arzallus, egungo Euskal Herriko txapeldunak, jantzi zuen txapela. Arzallusek aurten parte ez hartzea erabaki zuen eta bere lekukoa Colinak hartu du.
32 urte bete berri dituen Urruñako bertsolari hau bitan izan da (2005 eta 2009an) Euskal Herriko txapelketa nagusiko finalean eta Ipar Euskal Herriko bere lehenengo txapela eta makila Txomin Ezpondaren eskuetatik hartu zuen.
Aurten berrikuntza gisa kantaera aberatsena saritzen duen Txato Saria Odei Barrosok erdietsi zuen. Sari honen garailea epaimahai berezi batek aukeratu zuen: Pantxika Solorzano, Jojo Bordagarai eta Mixel Aire Xalbadorek osatutakoa, alegia.
Colina txapeldunak ere Aitor Renteria Txato zenari eskaini zion txapela oholtzatik botatako agurrean.
Nahiz ez dakidan aski handia den
zuk guri utzia biltzeko
Txato zuretzat doa txapela
goizegi baitzen hiltzeko
zuri ohore eta milesker
bertsozale bihotzeko
pribilegiatu sentitu bainaiz
bertso-saio bakoitzeko
ez baitut txapel beharrik izan
maitatua sentitzeko
Xilaba txapelketa Xiberu, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolari txapelketa urriaren 4an hasi zen. Muskildin, Senperen, Aiherran, Larresoron eta Aiziritzen burutu diren kanporaketa eta finalerdietan 18 bertsolarik hartu dute parte.
ametsekin bertso irakasle Sustrai Colina bertso irakaslea eta kazetaria da. Zuzenbidean lizentziatu zen eta bertsotan aritu ez ezik, Hendaian irakatsi egiten du. Atzo lekukoa hartu zion Amets Arzallusekin batera dihardu bertso irakasle.
1.450 lagun Lauga gelan. Aitor Renteria Txato zenari eskaini zion txapela Colinak.
Sailkapena
Sustrai Colina816,5
Maddalen Arzallus763
Odei Barroso457,5
Eneritz Zabaleta449
Xumai Murua437
Ramuntxo Christy435