Síguenos en redes sociales:

Haur literaturari bultzada, hiru liburu berrirekin

Erein argitaletxeak ‘Berbontzi’, ‘Nire lagunen gezurrak’ eta ‘Aita oker dago’ plazaratu ditu

Haur literaturari bultzada, hiru liburu berrirekin

donostia - Irakurzaletasuna, gezurrak eta aitak huts egiten dueneko momentuak dira Erein argitaletxeak aurkeztu berri dituen hiru liburuen gai nagusiak. Abel Amutxategik eta Joxemari Iturraldek Berbontzi eta Nire lagunen gezurrak plazaratu dituzte Auskalo bilduman, hurrenez hurren, eta Juan Luis Zabalak, berriz, Aita oker dago kaleratu du Igelio Igela bilduman. Hiru lanak Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago, baina azken hau beste bi liburuak baino irakurle gazteagoentzat dago zuzenduta. Ilustrazioak, bestalde, Manu Ortegak, Estibalitz Jalonek eta Begoña Durrutyk eginak dira.

“Irakurtzea gustatzen ez zaion neska baten abenturak kontatu ditut”, azaldu zuen atzo Amutxategik liburuaren aurkezpenean. Nora neskatila Berbontzi izeneko liburujale baten laguna egiten da eta, horrela, fantasiazko abentura ugari biziko ditu. “Ildo nagusi bat jarraitzen du liburuak, pertsonaia nagusi bat duelarik, baina ipuin desberdinak izan ditezkenak kontatzen ditu, banakako abenturak”, gaineratu zuen autoreak. Bere ustetan, literaturako gai klasikoak hartu ditu eta “buelta bat” eman die, gaur egungo haur literaturara egokituz.

Iturraldek bilduma berean kokatu du bere lana, haurren eta helduen artean kokatzen den adin hori asko interesatzen baitzaio. Gezurraren inguruan 16 ipuin independente sortu ditu idazle tolosarrak, pertsonaiak errepikatzen badira ere, eta arrazoi jakin batengatik egin du. “Helduak gertu ikusten dituzte, hitz egiten duten gaietaz zerbait entzun dute baina ez dute ondo ulertzen -adierazi zuen-. Helduek gezur asko esaten dizkiete, eta engainu batean bizi direla nabari-tzen dute”. Horregatik, Iturralderen ustetan, gurasoak imitatu eta gezurra erabiltzen dute helduen aurkako arma bezala. Ipuinetan, gezur txikiak kontatzen dituzte pertsonaia nagusiek, saltsa pixka bat gehitzeko.

“Nire semeari gauean irakur-tzeko ipuinak sortzen hasi nintzenean, konturatu nintzen gehien gustatzen zitzaizkion ipuinak aita barregarri uzten zutenak zirela”, esan zuen Zabalak. Azkenean, istorio batzuk elkartu eta zortzi ipuinez osatutako antologia sor-tzea erabaki zuen. Guztietan, aitaren hutsegiteren bat da abiapuntua, idazleak adierazi zuenez, eta haurrek irakurtzeko ez ezik, gurasoek beren seme alabei irakur-tzeko ere balio duela adierazi zuen.

‘Berbontzi’. Abel Amutxategi. Ilustrazioak: Manu Ortega. Auskalo bilduma, Erein.

‘Nire lagunen gezurrak’. Joxemari Iturralde. Ilustrazioak: Estibalitz Jalón. Auskalo Bilduma, Erein.

‘Aita oker dago’. Juan Luis Zabala. Ilustrazioak: Begoña Durruty. Igelio Igela bilduma, Erein.