Enkoreren musika sentimenduak, lanak, pasioak, borrokak eta maitasunak definitzen du. Aspaldiko amets bat bizitzen ari diren lau gazte dira eurak: Aitor Gallastegui, Alvaro Olaetxea, Xabi Hoo eta Urtzi Iza. Film bateko pertsonaiak direla senti-tzen dute, baina musika-banda baten barruan. Musika sortzen seinak zirenetik ari dira. Oso txikitatik musika-kontserbatorioan hasi ziren gitarra, pianoa eta bateria ikasten eta 2009an Enkore musika-proiektua sortu zuten. Taldeari izena kontzertuetako encore berbatik datorkio, alegia, emanaldiaren amaieran publikoaren txaloak eskertzeko bat-batekotasunez egiten den kantuen interpretaziotik. Enkore bezala lehenengo urratsak ematen hasi zirenetik bi disko argitaratu dituzte: duela bi urte Faktore Komunak eta, aurten, Kanala.

Lau arima taldeko esentzian

Kanala komunikazioa gauzatzeko ezinbestean behar den bitartekoa da. Eta medio fisiko hori da diskoa. "Igorleak, hartzaileak eta mezuak euren jatorrizko adierak galdu dituzte, baina diskoa da funtzioa galdu ez duen elementu bakarra, kanala izaten jarraitzen duelako", adierazten dute. Diskoak azken bost urteotako melodia du, baina aurrekoak baino enkoreagoa da, talde bezala egonkortu egin dira eta. "Gu izaten jarraitzen dugu, baina, agian, egiten dugunaz kontzienteago gara", zehazten dute. "Era berean, gure bizitzari melodia jartzen ari gatzaizkio eta lan berriak gure bizitzeko melodia darama". Izan ere, lan honetan laurak eta lauren munduak ageri dira. "Batzuetan oihukatu izan ditugunak eta, besteetan, ostera, barnean gorderik kantatzen ditugunak", gaineratzen dute. Askatasunari kantatzen diote, sexuari, laguntasunari, Euskal Herriari, amodioari, gutako bakoitzak dituen mamuei eta laguntza behar dutenei. Funtsean, bizitzari egiten diote kantu.

"Gure erreferente musikalak amaigabeak dira". Hardcore estilotik datoz eurak. Modu berean, pop asko entzuten dute, metala ere bai eta baita musika elektronikoa ere. "Gure musika-en-tzungailuetan The Beatles, Skrillex, Meshuggah edota Maroon 5 erraz topa zenitzakete", dio Xabi Hoo ahots nagusiak eta gitarrak. Mundua musikatik behatzen dute eta musikaren bidez uler-tzen dute mundua. Musikak biziarazten ditu eurak. "Musika bizi ez dutenentzat ulertezina den zentzu bako obsesioa", zehazten dute. Bilboko Errekalde auzoan duten entseguetarako lokalean sortzen eta ekoizten dute musika, magikotzat jotzen duten atmosferan. "Bakoitzak etxetik ideiak ekartzen ditu, baina gutako bakoitzak bere arima sartu arte ez da sortzen taldearen benetako esentzia". Autoedizioaren aldekoak dira erabat eta ahal duenak buruaski ekoizteko aholkua ematen dute, nahiz eta eurak, uneotako bizi-erritmoak eraginda, unibertsitatea, lana eta musika-entseguak tarteko, ez duten astirik euren kabuz prozesu guztia aurrera eramateko.

Kultura, iraultzarako giltzarria

Duela hiru urtetatik ari dira adituak esaten musika belaunaldi berri baten ordezkariak direla. Eta eurek ez dute garbi horrek duen esangura zein den zehazki. Beharbada adin-kontua izan daitekeela diote. Izan ere, eurak txikitan entzuten zuten musika-taldeekin batera aritu izan dira oholtza gainean, Berri Txarrak, Su ta Gar, Gatibu edota Kauta bezalako taldeekin. Zentzu horretan, talde hauen anaia txikiak direla esan daiteke eta baita euron semeak ere. Nolanahi dela ere, euren ezaugarria garaikideak izatea da. "Orain arteko ibilbidean, musikalki asko ikasi dugu eta maila pertsonalean ere aurrerapausoak egin ditugu. Eta hori igarri egiten da diskoan". Orain bi urte, Faktore Komunak kaleratzean, musikan jarduteko mundu profesionala ezagutu zuten. Areto txikietan aritu ziren ikusle kopuru txikiarentzat eta, 2011tik gaur arte, espazioa handituz eta ikus-entzuleak gehituz joan dira euren zuzenekoetan. 2014. honetan, disko berriarekin aurrera pausu bat ematea espero dute. Musikak kulturak orokorrean bizi duen bezalako egoera latza bizi duen arren, krisi sasoian gizarteak eskaini behar lukeen ganorazko kultura zerbitzu horren parte izan nahi dute, euren ustez kulturak iraultzarako bideak zabaltzen ditu eta.