Lobo Antunesen eta Mercé Rodoredaren literatura, euskaraz
itzultzaile lanetan antton olano eta Iñigo roque ibili dira 'Gauzen ordena naturala' eta 'Ispilu hautsia' Literatura Unibertsala bildumaren barne daude
Donostia. Literaturaren bi itzulpen aurkeztu zituen atzo Eizie elkarteak, Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen eskutik, António Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala eta Mercé Rodoredaren Ispilu hautsia, hain zuzen.
Iñigo Roquek (Portugalete, 1976) itzuli du Gauzen ordena naturala eta aipatu zuenez "ez da nobela erreza izan", Lobo Antunesek nortasun berezia eta askotan zakarra baitu.
Gaineratu zuenez, idazlearen asmoa "eleberriaren artea itzulika-tzea eta aldatzea" da. Beraz, kasu honetan irakurleek ez dute istorio bakarra eta lineala aurkituko; hortaz, ezin dituzte izen guztiak kontuan hartu, asko baitira. Liburuan mundu errealetik kanpo dauden osagai asko sartzen ditu idazleak, batik bat, oroimena, ametsak eta hilak. Denborak ere nahastu egiten ditu, iragana zein oraina. "Askotan irakurleak ez du jakingo pertsonaiak bizirik dauden ala ez", azaldu zuen Roquek.
Antton Olanok (1963) Ispilu hautsia itzuli du eta idazlearen obrarik "konplexuena" dela dio. Familia baten gora-beherak kontatzen ditu istorioak lehenengo pertsonan. XIX. mende bukaeran hasi eta gerra garaian kokatzen da. Narratzaileak pertsonaia bakoitzeko ikuspegitik azaltzen ditu gertaerak eta bakoi-tzaren bizitza pusketak erakusten ditu, ispilu baten modura. Hiru zati nagusitan dago banatuta. Lehenengoa, narrazio errealista da, pertsonaiak aurkeztu eta beraien sekretu guztiak azaltzen ditu. Bigarrenean, pertsonaien barne bizitzaz hitz egiten du, narrazio psikologiko bat eginez. Azkenik, pertsonaien heriotzarekin batera hasiko dira agertzen gertaera fantastikoak eta hildakoen espirituak. "Sinbolikoki ispilua hautsi egiten da, pertsonaiak behin desagertuz ez dagoelako zer islatu".