Síguenos en redes sociales:

Krispeta hegalariak, marizikinak eta kulero zaharrak haurrentzat

castillo suarezek, uxue alberdik eta xabier mendigurenek haur liburuak aurkeztu dituzte

Krispeta hegalariak, marizikinak eta kulero zaharrak haurrentzat

DOnostia. Haurrentzako hiru liburu berri aurkeztu zituen atzo Elkar argitaletxeak. Castillo Suarezek Krispeta hegalariak idatzi du Enrique Morenteren marrazkiak erabiliz. Ainitze Mendizabal editoreak azpimarratu zuenez, "fantasiaz beteta" dago idazle nafarraren liburua, eta bere haurtzaroko amets bat isla-tzen du: hegan egitea. Mutiko bat da protagonista, krispetak egiteko amonaren errezeta aurkitzen duena. Palomitak hegalariak eta "magikoak" direnez, mutikoak jaten ditu eta bere bizitzako bidaiarik harrigarriena egingo du amonarekin batera "zeruan barrena". Idazleak dioenez, puxika guztiak dauden irla aurkituko dute, besteak beste, eta zenbait pertsonaiarekin egingo dute topo bere ibilbidean.

Bestetik, Marizikina naiz, eta zer? ipuina kaleratu du Uxue Alberdik Eider Eibarren marrazkiekin. "Bi aldiz autobiografikoa da liburua, bi marizikenen artean idatzi eta marraztua delako", esan zuen Alberdik. "Señorita izaten asmatzen ez duen marizikin baten istorioa" kontatu du liburuan elgoibartarrak. "Berak uste du señoritarena lanbide bat dela eta amak irakasten dizkio hainbat arau. Neskatoa arau horiek betetzen saiatzen da baina beti huts egiten du. Gainera, besteentzat zikin dauden lekuetan formak ikusten hasiko da Marizikina, eta zikin horretan bere mundutxoa eraikiko du eta probetxua aterako dio", azaldu zuen Alberdik. Ainitze Mendizabalen ustez, liburuan fantasia baino, "irudimena da protagonista", neskatoaren "errebeldia" ahaztu gabe.

Azkenik, Xabier Mendigurenek Kulerozahar liburua aurkeztu zuen. Hark gogoratu zuenez, haurrentzat idatzitako azken liburuetan "gai serioak" aukeratu zituen, heriotza eta gaitza, kasu. Oraingo honetan, berriz, "dibertimendu bat" egin du ingelesezko irakasle gaizto bati buruz idatziz. "Kulerozahar ezizena jartzen diote ikasleek eta hainbat gaiztakeria egingo dizkiote", aipatu zuen beasaindarrak. Bere esanetan, "denbora pasa atsegin eta dibertigarria" saiatu da osatzen. Marrazkiak Iñaki G. Holgadorenak dira. "Zikinak eta ganberroak dira, asko gozatu dut haiekin", erantsi zuen errenteriarrak. Enrique Morentek esan zuen bezala, marrazkiek dena esaten dute: "Guk baino hobeto espresatzen dira".