"Pelikulak euskaraz egitea ez zen errentagarria orain dela gutxi arte"
Uztaila hasieran, Karlovy Varyko kale estuetan bermuda jantziak nagusitzen dira. Txekiatik etorri berria da Alberto J. Gorritiberea (Zumaia, 1970), bertako jaialdian aurkeztu baitu 'Arriya'. Abuztuaren 26an estreinatuko du tradizioa eta apustua biltzen dituen filma
Bilbo. Bi familien arteko apustua, harri bat eta amodio triangelua. Elementu horiekin osatu ditu Alberto J. Gorritiberea zinemagile zumaiarrak bere lan berria. Arriya-k harrera beroa izan zuen Karlovy Vary jaialdian eta txekiarrek txalotu egin zuten. Hasiera batean Berlinen aurkeztekoa zen, baina ez zen posible izan. "Pelikula unibertsala eta ederra da", argitu du beste euskal zizerone batek, Pragan bizi den Arkaitz Basterra zornotzarrak.
Zein izan da jaialdian 'Arriya'ri egindako laudoriorik politena?
Arriya-ren proiekzioan bazegoen halako espektatiba bat. Antolatzaile batek beste kolore eta zine mota interesgarri eta berri bat ikusi zituela aitortu zidan, eta ikusleei gauza bera entzun ziela gainera. Arriya-k mundu propioa duela jakiteak asko pozten nau.
Istorio unibertsala eta ederra dela esan du Arkaitz Basterrak. Horixe izan da zure obsesio nagusia? Tokiko istorio batetik haratagoa joatea, alegia?
Ez nuke esango obsesio bat denik, baina filma egin eta gero, perspektiba piska bat ere galtzen da, eta beldur horiek ere azaltzen dira. Arriya zintzotasun handiarekin egin da eta euskaldunok, biluztu eta gure gatazka nagusienak ateratzen baditugu, konturatuko gara beste herrialdeetako jendeak dituen arazoen an-tzekoak direla. Niretzat ahalik eta jende gehiagorengana iristea hain da garrantzitsua!
'Ander' ez da estreinatu Estatuan sari ugari irabazi baditu ere. 'Arriya'-k Malagan bost sari irabazi ditu eta Madrilen eta Bartzelonan estreinatuko da...
Pena da Ander-en kasua. Horrek ikusleak beste gerra baten bizi direla adierazten du. Pelikularen leihoak merkatu liberal honetan egoteak ez du asko laguntzen gure istorioak erakusteko orduan. Datu bat aipatuko dizut, Arkaitz Basterrak berak emandakoa: Txekian gehien ikusten den zinea txekiarra da. Zoritxarrez oso urrun bizi gara errealitate horretatik. Bestalde Malaga nahiko pasaporte ona da komertzialki, izan ere beste ate batzuk irekitzen baititu Estatuan.
'Vacas' pelikula gogoan izan duzu pelikula egiterakoan?
Vacas gogoan edukitzeko moduko pelikula da, baina ez da Arriya-ren oinarria izan. Gauza batean izan ezik: Vacas-en bukaeran bikotea zaldi batean igo eta herritik ihesi doa. Medemen aukera da, baina nik beti pentsatu izan dut agur hori ez nukeela niretzako nahi, eta bada Arriya-n beste irtenbide sorpresa bat bukaeran, baina ez dizut ezer kontatuko, ikustea merezi du-eta.
Oso istorio euskalduna dela esan duzu. Zergatik uste duzu azken 20 urteotan ez direla egin istorio euskaldunak? Bertigo sentsatzio bategatik?
Agian oso konfundituta nago, baina orain dela urte gutxi arte, pelikulak euskaraz egitea ez zen errentagarria, inola ere ez, eta diru-laguntzek hizkuntza bultzatu dutenean aukerak berpiztu egin dira. Diru kontua izan dela esango nuke arrazoi nagusiena. Orain krisialdiak denok astintzen gaitu, baina ez nuke esango euskaraz zinea egitea gazteleraz baino zailagoa denik, gaur eta hemen.
Distantziaz baino barrutik eta kostunbrismoan erori gabe istorio hurbilak eta sentikorrak kontatzeko gai zareten zuzendari batzuk bildu zarete. Elkarrelikatu egiten zarete zuzendariok? Inspirazio iturriak dira besteen lanak?
Orain dela hilabete pare bat ikusi nuen 80 egunean, eta benetan lan ona iruditu zitzaidan, eta hor dira Esnal, Altuna, Rayo, Bueno, Aguilera, Cobeaga, Caston eta beste batzuk, baina ez dut uste oso hurbilak direnik gure begirada zinematografikoak. Egia da distantziaz baino barrutik direla begirada gehiengoenak, baina joera hori zinemak berak bizi duen bideak markatzen du bere osotasunean. Dena den, nire ustez Arriya ez dator bat zinemaren azken joerekin, eta nire ustez pelikulak duen altxor nagusietako bat da.
Zumaian duzu bulegoa. Saiatu zinen atzerriko produktora batekin harremanetan jartzen?
Saiatu ginen, bai, Frantziako produktora batekin, izan ere Arriya-k elementu frantses batzuk baditu, baina ez zen zorterik edo denborarik egon. Orain beste proiektu batean sartzen ari naiz, eta ezinezkoa izango da atzerriko koprodukziorik gabe gauzatzea. Baina istorioak berak bilatu behar ditu bere beharrak, eta ez alderantziz. Hala ere Dreamworks etortzen bada Zumaiara ate joka, tokitxo bat egingo diogu, nola ez!
Uste duzu balio erantsi bat izan dezaketela koprodukzioek?
Erakundeek koprodukzioen finan-tzazioan laguntzen dute, eta atzerrikoak izanik aukera handiagoak egon ohi dira beste herrialdeko telebistak eta instituzioak gertura-tzeko. Bizi dugun zurrunbilo honetan globalizazioak bere gauza onak badituela pentsatu nahi dut. Leiho berri hauek miatu behar ditugu.
Ekoiztetxe asko 'ETB'ren magalean hazi dira. Krisi garaian euskarazko ikus-entzunezkoak ere bizitu egingo direla uste duzu?
Arriskutsua iruditzen zait ETBren magalean bizitzea. ETBren leihoa beharrezkoa da, eta industria osasuntsu bat ere bai, baina gure zilborrari begira bizitzen ohitzen bagara independentzia, askatasuna eta sormena galtzen ditugu. Sorkuntzan krisialdiak beharrezkoak dira produktu interesgarriak burutzeko. Bestela, handienetan handi batek esan zuen moduan pelikula zoragarri batean suitzarrak lasai bizi izan dira azken 500 urteotan, baina kuku-erlojua bakarrik asmatu dute.