donostia. Juanjo Olasagarre, Rikardo Arregi eta Angel Erro idazleak, guztiak ere, Volgako batelariak dira. Mugikorrera dei egin eta segituan erantzun dute, ahoan batere bizarrik gabe, haien sareko esperientziaz eta poesiaz hitz egiteko prest.
Literatura klub gutxi dago sarean. Gehiago jotzen da bakarkako blogetara.
Angel Erro: Nik esango nuke gehienbat dela, horrela, bote prontoan botata, irakurtzea oso ariketa bakartia delako. Bakartasun horri gehituz gero Internetekoa ere gehiegi izaten da. Irakurle klub batek zerbaitetarako balio badu, jendea elkartzeko da, baina hori bai, jendearen harreman analogikoetarako.
Zuen kasuan harreman hori digitala ere bada. Kontatu Volgako Batelarien esperientzia.
Juanjo Olasagarre: Hasieratik planteatu genuen, batez ere, kritika aldizkaria izatea eta interesa-tzen zaizkigun testuak batzeko itzulpenen bidez eta abar... Azkenean esperientzia ona bilakatu da. Ez gara aberastu, baina hori ez zen gure helburua, guk dibertitu egin nahi genuen eta nik uste lortu dugula.
Rikardo Arregi: Eta orain klub sozial bilakatzeko bidean gabiltza (isiltasuna). Hor utziko dugu. Klub sozial bilakatzeko ideiarekin gabiltza, Bilbo inguruan egoitza bat erosi eta irekitzeko, hor nonbait.
Internet alde batera utzita, goazen poesiaz hitz egitera orain. Zerk bilakatzen du hitz multzo bat olerki?
R.A.: Oso zaila da. Bada nik uste dut, asmoa edo ideiarekin, idatzi aurretik dagoenarekin, hasi eta gero baliabide batzuk daudela, askotarikoak, poesiak betidanik izan dituenak.
A.E.: Eta baita ere irakurleak horretan sinestea oso garrantzitsua da. Egon dira garai batzutan poesiatzat harturiko hainbat testu, gaur egun ez direnak hala kontsideratzen. Inskripzio edo istorio huts bihurtu direnak.
Omar Nabarrok esaten zuen aurtengo Larrabetzuko (Bizkaia) Literaturian, bere ustez olerkia fedearekin lotuta dagoen zerbait dela. Idatzitakoarekiko fedearekin alegia.
R.A.: Hori nire iritziz poesiaren kontzepzio bat da. Literatur genero hau sakratutasunarekin lotuta dago eta beti sinestu behar duzu poesiak harantzagoko zerbait irakatsi behar dizula. Hizkuntzarengan fedea galduz gero noski, oso zaila da edozein hizkuntza arte-faktok zu unkitzea. Nik uste dut badagoela beste poesia bat.
Sarea da gaur egungo liburu argitaratuaren alternatiba?
J.O.: Nik uste dut poesian beti egon direla liburu argitaratuaren alternatibak. Liburuak argitaratzeaz gain, poesiak genero literario moduan bat izan ditu beste baliabide batzuk; esaterako, aldizkariak izan dira oso garrantzitsuak. Orain gutxi dago eta hauen ordez Interneta dago. Parekoa da garai batean aldizkariek betetzen zuten papera eta egun blogek edo webguneek betetzen dutena.
A.E.: Eta horri zera gehitu behar diogu: susmoa dugu euskal editoreek ez dutela poesia libururik atera nahi. Eta horren aurrean aurkitzen gara Internetekin. Garai batean aldizkarietan argitaratzeko aukeraketa bat pasa behar zen, kalitate irizpide ba-tzuekin, orain ordea zuk zeuk egin dezakezu eta honek dakar olerkiak sarean nahi adina ipini ahal izatea eta, aldi berean, askotan irismen maila hutsala izatea. Ez du inork irakurriko.
Volgako Batelariak bezalako klubak egoera horretarako alternatiba dira, beraz.
A.E.: Noski, orain esaten badugu ezetz, gure teilatuaren aurka ariko ginateke harriak botatzen. Beraz bai, esan dezagun hori iruditzen zaigula bide egokiena.