BURGOS – Valpuestan nagusitu ondoren, Decathlon AG2R taldeko Léo Bisiaux frantziarra da Burgosko Itzuliko lider berria. Etapak euskal errepideak ere zapaldu zituen tarte batean, eta bere lesiotik osatu ondoren Mikel Landa ere nabarmendu zen. Lasterketa apurtu zuen Giulio Ciccone (Lidl Trek) izan zen helmugan bigarren, eta Giulio Pellizzari (Bora) herrikidea hirugarren.
Horrenbestez, joan den abuztuaren 2an Donostiako Klasikoan oso sasoiko ibili zen txirrindulari frantziarrak profesional mailako lehen garaipena lortu du, 2023an ziklo-kroseko munduko txapeldun izan ondoren.
Hainbat ihesaldi saiakera izan baziren ere, 28. kilometrora arte ez zen lehen ihesaldia egonkortu, bost txirrindulari zihoazelarik: Sander de Pestel (AG2R), Gorka Sorrarain (Caja Rural), Hugo Aznar (Kern Pharma), Iker Mintegi (Euskaltel), Mario Silva (Illes Balears); aurreraxeago Daniel Cavia Burgos BH taldeko txirrindularia batu zitzaien.
Landa, protagonista
Behin ihesaldia osatuta, etapak gorabehera handirik gabe egin zuen aurrera, Ocekako mendatean gora iheslari taldea hautsi eta aurrean soilik De Pestelek eta Sorarrainek jarraitu zuten arte. Jaitsieran erasoa jo zuen Mikel Landak (Soudal Quick-Step) eta kilometro batzuk aurrean egin arren arabarraren erasoak gutxi iraun zuen, Urduñako mendatean gora abiatu ahala tropelak berehala harrapatu baitzuen. Deigarria izan zen Landak jaitsieran egindako erasoa, Giroan izandako erorikoaren ondorioz hiru hilabetez errepidetik kanpo egon ostean ez baitzitzaion beldur izpirik antzeman.
Urduñako aldapak hautaketa ekarri zuen, eta De Pestelek bakarrik eutsi zion Cicconek erasoa jo, liderra atzean utzi eta Bisiauxekin batera buruan kokatu zirenean. Handik gutxira, Lorenzo Fortunato (Astana) elkartu zitzaien, eta atzetik bi talde zetozen, Isaac del Toro mexikarra (UAE Team) eta Egan Bernal kolonbiarra (Ineos) bertan zirela. Pellizzarik erasoa jo zuen, eta Urduñako gailurrean harrapatu zuen aurreko taldea; Del Toro bera ere ahalegindu zen jaitsieran.
Lasterketaren buruan bost txirrindulari zihoazela eta helmugarako kilometro baten faltan, ezustean Bisiauxek eraso egin zien ihesaldiko kideei; irabazlea bosten arteko esprintean erabakiko zela ematen bazuen ere, azkenean frantziar gaztea nagusitu zen, profesional mailako lehen garaipena eskuratuz.
Burgosko itzuliaren gaurko etapa ere menditsua izango da, Doña Santos eta Regumiel de la Sierra parajeen artean.