Donostia – Etapa garaipena eskuratu zuen atzo berriro ere Marianne Vosek (Team Jumbo-Visma), bide batez lidergoari ere eutsiz, Emakumezkoen Itzuliaren laugarren jardunaldian, Cuenca eta Guadalajara arteko 133.1 kilometroko etapan, Movistar Team-eko Emma Norsgaard eta gainerako aurkariak esprintean mendean hartuta. Hirugarren etapan La Rodan irabazi eta hasierako erlojupekoan bere taldearekin nagusitu ondoren, holandarrak bere bakarkako bigarren garaipen partziala lortu zuen Emakumeen Itzuli honetan, Guadalajarako volatan erakustaldi bikaina eskainita.

22 txirrindulari besterik ez ziren sartu Vosen denbora berean, eta beste sei txirrindulari hiru segundora, amaierako borrokan taldea moztu egin bai-tzen. Izan ere, etaparen lehen zatian ihesaldi eta harrapaketa ugari izan baitziren, eta amaieran berriz, izen garrantzitsuen eraso franko. Movistar saiatu zen tropela astintzen. Liane Lippert txapeldun alemaniarrarekin birritan, eta beste bitan munduko txapeldunaren ostadar maillota daraman Van Vleuten liderrarekin, baina eraso horietako bakar batek ere ez zuen ondoriorik ekarri.

Helmugatik hamabi kilometrora zegoen Horcheko gaina, eta gune aproposa zirudien zerbait gertatzeko. Baina alferrik. Mavi Garciak erasoa jo zuen, Lippert eta Van Vleutenekin batera, eta Demi Vollering (SD Worx taldekoa) ere oso oldarkor aritu zen, emozioa piztuz. Baina azkenean, hainbeste erritmo aldaketen eraginez nahikoa murriztutako talde hautatua, esprintera iritsi zen. Eta bertan, Vos izan zen jaun eta jabe, bere ibilbideko 248. garaipena eskuratuz.

Sailkapenak

Jardunaldia

1. Marianne Vos (NED/Jumbo-Visma) 3h26:24

2. Emma Norsgaard (DIN/Movistar) d.b.

3. Marlen Reusser (SUI/SD Worx) d.b

Orokorra

1. Marianne Vos (NED/Jumbo-Visma) 9h52:58

2. Chloe Dygert (USA/Canyon) 25era