Gaurtik igandera bitartean Grenchen herri suitzarreko belodromoan jokatuko den pistako Europako Txirrindularitza Txapelketan lau gipuzkoarrek hartuko dute parte. Ekain Jimenez eta Beñat Garaiar oiartzuarrek, Jaime Romero astigartarrak eta Eukene Larrarte tolosarrak osatu dute gure lurraldeak diziplina horretako Europako Txapelketan izango duen parte-hartze oparoaren zerrenda.

Eskarmentu handiko Larrarte pistard-a lehiatuko da diziplina kopuru handienean. Tolosarrak scratch, madison, omnium eta taldekako jazarpenean parte hartuko du.

Bestalde, Felix Garcia Casas entrenatzaileak osatu duen Estatuko selekzioko esprinterren artean izango da Ekain Jimenez. Oiartzuarrak banakako abiaduran, taldekakoan eta kilometroko proban hartuko du parte. Hain zuzen ere, Portugalgo Artur Lopes Nazioarteko Trofeuan distantzia horretan nagusitu berri da, minutu bat, bi segundo eta 464 milareneko denborarekin, eta hantxe egon da selekzioko kideekin kontzentratuta. Azpimarratzekoa da, gainera, gipuzkoarra zazpigarren izan zela iaz diziplina horretan Europako 23 urtez azpikoetan.

Aurrekoaren Beñat Garaiar herrikideari dagokionez, belodromoko iraupen-probetarako hautatu dute. Oraingo honetan taldekako jazarpenean arituko da, Jaime Romero gipuzkoarrarekin batera. Oiartzuarrak oso emaitza onak lortu ditu diziplina bizienetan, hala nola, iaz brontzezko domina lortu zuen junior mailako Espainiako Txapelketan erlojupeko kilometroan, banakako jazarpenean eta kilometroan. Azken proba horietan Espainiako txapelduna da, eta txapeldunordea puntuazioan.

Ganna

Azkenik, parte-hartzaileen artean azpimarratzekoa da Ineos taldeko Filippo Ganna italiarraren presentzia, joan den urrian belodromo horretan bertan lortu baitzuen ordubeteko errekorra ontzea.