2022an, Euskalgintzako, hezkuntzako eta sindikatu euskaltzaleetako ordezkariak batu ziren Iruñean, euskarazko eredu bakarrean, “inklusiboenean”, matrikulatzea bultzatzeko. Agerraldi hartako ideia Nagusia euskal komunitatea indartzea izan zen, eta euskarazko ereduaren helburua ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskaraz zein gaztelaniaz gaitasun aurreratua, eta hirugarren hizkuntza batean gaitasun egokia lortzea zen, “gizarte berdinzaleago baten alde, eta aniztasuna euskaratik ulertzeko eta baloratzeko”.
Nafarroarako ereduak (2026): 2026an aipatu eragileetako ordezkariak batu dira berriz, euskarazko “ereduetan”? matrikulatzea sustatzeko. Oraingoan eleaniztasuna dirudi ideia Nagusia, komunitatea zeharka baino ez da aipatzen eta euskaraz ikastea justifikatzeko hamaika arrazoi ematen dira, gure hizkuntza izatea nahikoa ez balitz bezala.
Bide batez, agerraldi horretan esan digute, 2026an nafar gizartearen gehiengo zabala euskararen normalizazioaren alde dagoela “azken ikerketen arabera” (Beraz, orain arteko ikerketa guztiak oker leudeke eta gehiengoa diren alderdi euskalfoboak ere bai, beraz). Hala izanik oso zail da PSNren grina euskalfoboa ulertzea, euskaldunon zanpaketan UPN, PP eta Voxekin batera bozkatzera daramana gehienetan, izan Legebiltzarrean edo udaletan, gobernuan bazkide edo babes dituen alderdi abertzaleei behin eta berriz belaunikaraziz.
Bidali zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.
Egoera, “euskal ereduak” eta iparra galtzea: D ereduan (orain artio euskarazko ikasteredu bakarra zen horretan) ikasleen euskarazko gaitasuna urtez urte kaskartuz doalarik, ingelesezko ikastorduak areagotu dituzte ikastetxe gehienek, inork horretara behartu gabe, “eleaniztasunaren” olatua gogotsu besarkatuz, euskararen kaltetan, ikasleen arteko arrakalak sakonduz bide batez, eragile euskaltzaleen isiltasuna lagun. Baina, hara non, Nafar gobernuak ere ingelesezko ikastorduak areagotu nahi dituen D ereduan, eta hemen bai, euskalgintza nahiz eragile abertzaleak haserre agertu dira neurri honen aurka.
Aldiz, EAEn alderdi guztiak agertu dira ingelesezko eta espainolezko ikastorduak areagotuko dituen “eredu eleaniztunaren” alde, eta ikastolek are goizago ekingo diote ingelesaren irakaskuntza goiztiarrari, baina, batek jakin zergatik, gutxi dira neurri horiek auzitan jarri dituzten euskaltzaleak.
“Batuz aldatu” ekimenak ere “euskarazko murgiltze-eredu eleaniztuna” (edo da euskarazkoa, edo da eleaniztuna) proposatzen du, eta eredu-festa honetan “euskarazko ereduak” dira azken ekarpena, aditzera emanez A eredua ere euskarazko eredua dela. Bada, hala balitz, neurri berean, D eredua eta “eredu eleaniztuna” espainolezko edo ingelesezko eredutzat jo daitezke. Edo ezta hala?
Duela oso gutxi artio, euskalgintzan inork ez zuen zalantzan jartzen euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko ezinbestekoa zela benetako murgiltze eredu integral eta kalitatezko bat. Zer gertatu da orain Burgosko patatak ere errezil-sagarrak bailiran saldu nahi izateko?