Handia naizenean pilotaria izan nahi dutJavi Bergasa
Haurtzaroan egin ohi zaigun lehen galderetako bat da zer izan nahi dugun handiak, edo helduak, garenean. Urte batzuk geroago "izango garena", ordea, hilabete amaierara iritsi ahal izateko goiz jaikitzea da, gu eta gureak ekonomikoki bizirauteko edo ditugun gutiziak asetzeko beharrezko eginbehar bat izanik iratzargailua jartzea gauero, bost axola zaigun sektore bateko enpresa baten irabaziak loditzeko ahal dugun hobekiena eginez eta ahal dugun arduratsuenak izaten, funtzio hau burutzeko inolako talentu berezirik ez dugula jakitun izan arren, 40 orduz astea joan eta astea etorri. Horixe da batzuon-tzat lana, ogibidea, "beharra", Bizkaia inguruan dioten moduan. Ederra zaplastekoa. Beste batzuentzat, baina, zerbait gehiago ere bada: bokazioa, talentua, mundu honetan duten euren papera eta gainontzekoek jarriko dioten etiketa. Klase soziala definitzen duena ere. Honi buelta are gehiago bat eman eta gailurra jo dutenak ere badaude: txikitako ametsa betetzen ari direnak, txapela irabazi dutenak.
Eskumuturrean ebakuntza bat egin eta berragerpenean zorigaiztoko eroriko bat jasan ondotik, eskafoide deituriko hezur bat hautsi zuen pilotari profesional batek duela hilabete batzuk. Erretiroa hartzea erabaki du enpresarekin akordio batera iritsiz, 30 urte besterik ez dituela. Pena bat. Berak ziurrenik ez, baina gogoan dut mutil honek, ni baino urte bat gazteagoa izan arren, infantil mailan geundenean 18-3 irabazi zidan (hiru tantu egin nizkion, aizu, ez dago horren gaizki) norgehiagoka zirraragarri hura. Bere izenarekin geratu nintzen, arreta deitu zidan eta bere mailak: Xabi Tolosa deitzen zen, Anoetakoa. Jarraitu egin diot ordutik. Ez dut sekula ahaztuko ere, ni jada aspaldi erretiratuta edo pilotak ni erretiratu, hobe esanda, duela urte batzuk, bere kirol ibilbideko gailurrean zela, lesio bategatik Binakako finalerdi bat bertan behera utzi behar izan zuen hura partida irabazteko zorian egon arren. Zenbat ordu, zenbat lan gogor, zenbat kilometro berak eta bere gurasoek, gaztaroko gauza eder batzuk sakrifikatuaz. Hunkitu egin ginen ni eta beste pilotazale mordo bat une hartan telebistaren bestaldetik; hauen artean, bere egun horretako aurkarietako bat zen Aitor Elordi bera ere, finalerako txartela lortu arren. Triste egongo da egunotan akaso, baina bejondeiola eta zorionak Xabiri lortutakoagatik, txikitako ametsa betez txapel hau irabazteagatik, ez dela gutxi. Eta, nola ez, belaunaldi berdinekoak ditugun Iker Irribarria eta Danel Elezkano ere gogoan ditut egunotan.
Bidal ezazu zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, bestalde, igande goiz euritsu batez, sekulako erakustaldia ari da ematen, beste behin, 18 urte besterik ez dituen Enara Gaminde Emakume Master Cup txapelketaren finalean, pilotalekuko harmailak adin orotako jendeaz beteta daudelarik. Haurrak barne. "Copa de pacharán, puro y apuestas" estigma txoroa duen eta euskaldun askorentzat horren gurea den kirol ikuskizun honetan, oso maskulinizatua eta kutsu folkloriko zaharkitu batekin oraindik, tamalez, itxaropenerako lekua badela erakusten dio bati honek, badirela Euskal Herri osoan zehar euren ametsa lortzeko ahaleginetan ari direnak. Prozesuaz disfrutatzen ari direnak. Ez dadila haria eten.