Hogeita hamabost urte luze pasa dira Cuban (La Habana) jokatu ziren Munduko euskal pilota txapelketan euskal selekzio gisa desfilean parte hartu eta lagunarteko partidu batzuk jokatzeko aukera eta ohorea izan genuenetik. Oraindik ere oso harro sentitzen gara euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen hark gerora balio izan duelako ofizialtasunaren aldeko iritzia zabaltzeko eta euskal gizartean mezua txertatzeko. Eta bide batez, egungo egoeran aurkitzako.

Hogeita hamabost urte pasa behar izan dira aldarrikapen harekin hasitako borrokaren fruituak ikusi ahal izateko. Azkenean, zorionez, urte guzti hauetan egindako borrokak, batik bat euskal pilotari batzuen inplikazio zuzenekin eta zergatik ez esan, azken momentuan, politikari batzuen eskuartzearekin eta Nazioarteko Euskal pilota Federazioko Presidentearen jarrera irekiarekin gerturatu gara helmuga ingurura.

Nazioarteko Euskal pilota federazioak iazko abenduaren 28an Iruñean egindako Batzarrean EEPFa bazkide gisa onartu zuenean esan genuen modura, pozik eta harro sentitzen gara euskal pilota selekzioak lehen aldiz, Gernikan ekainaren 1tik 6ra jokatuko den Munduko Kopa txapelketan parte hartuko duelako. Nola ez gara ba pozik egongo euskal pilotariak ikurriñarekin eta bere selekzioa ordezkatuz lehiatzen ikusteko aukera izango dugunean. Bazen garaia!

Bidali zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.

1990 urtean, Kuban euskal selekzio gisa parte hartu genuenok, Donostian elkartu gara lortutako hori ospatzeko eta Gernikan arituko den euskal pilota selekzioari gure babesa eta animoak emateko. Eta bide batez, benetako euskal herriko euskal pilota selekzioa, alegia, zazpiak bat ordezkatzen duena faltan botzen dugula gogoarazteko.

Zentzu horretan garbi daukagu aipatu erronka hori lortu artean, oraindik, aldarrikatzen jarraitzeko motiboak soberan daudela zeren emandako urratsa handia izan arren eta batzuk horrekin konforme gelditu, gure ustetan oraindik garrantzitsuena falta delako alegia, benetako Euskal Herriko Euskal pilota selekzioa zazpi herrialdeak kontuan hartzen duena lortzea.

Horregatik uste dugu merezi duela aldarrikatzen jarraitzea eta ukazio eta probokazio guztien gainetik aurrera egitea, besteak beste, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia, eta Zuberoako euskal pilotarien euskubiea ere badelako, alegia, euskal herritarrak direlako. Eta hori aldarrikatzen jarraitzea, zintzo jokatzea baino ez dela deritzogu. Beraz, aurrera!

Merezi izan zuen eta merezi du eta!

Gora euskal pilota selekzioa!

Kiko Caballero, Martxel Toledo eta Jesusmari Unanue Kuba (1990) delegazioaren izenean. Idatzi hau sinatzen dute ere: Peio Urtasun, Xabier Martinez, Pako Kalonje, Txetxu Iriarte, Jokin Etxabe, Iñaki Zubeldia, Luis Zeberio, Tomas Lacalle, Xabier Garagorri, Aldape Astorkia, Joxan Jauregi, Joxemari Alonso, Segurola, Javier Mariezkurrena, Joxi Mugika eta Jose Luis Zaldua