Badira beti errepikatzen diren gertaerak pilotako finaletan: finalistek ondoren afari eder bat ospatzea beren ingurukoekin, txapeldunak sekulako ajearekin hartzea kazetariak biharamunean, beste esparrutako ospetsuak ikustea harmailetan, Pedro Mari Goikoetxea mitikoaren analisi zehatza entzutea ondorengo eztabaidan edo, denetan barregarriena, Sabin Etxeako politikariei txistu egitea.
Pradales lehendakari berria, Soterako arraunlari ohia, izan dugu biktima aurtengoan, azkenaldian pilotalekuetan oso gutxi ikusten dugun Karlos Argiñanoren alboan irten ordu pantaila erraldoian. Ezin da jakin zehazki, dena den, bikote xelebre honetako zeinentzat zihoazen txistuak. Airbag filmeko (Juanma Bajo Ulloa, 1997) aktore eta ekoizlea izandakoak, baina, asko gustatu zitzaidan egia borobil bat bota zuen: "Jendea disfrutatzen ari da gaurko ikuskizunaz, pilota oso kirol polita da eta. Poza ematen du frontoia horrela ikusteak, oso pozik nago pilotarekin. San Mames bete egingo da, baina hau [Bizkaia Pilotalekua] ere bai". Eta hala izan zen, asko disfrutatu genuen.
Bazegoen beldur pixka bat jendeak nola erantzungo ote zuen jakiteko: batetik, egun eta hiri berdinean derbiarekin kointziditzeak arrisku handia zekarren, Miribilla inguruan final egunetan aparkatzea jada zaila izan ohi bada, odisea modukotzat aurreikusten zen eta oraingoan; beraz, pentsa genezake zale askok etxean geratzeko hautua egin zutela arazo honen aurrean.
Bestetik, Altuna falta zen: ohituta gaude jada Amezketako txapeldun handiaren presentziarekin kontatzera banakako finaletan, badaramatza eta sei urte inguru kuadroko pilotari onena izaten. Jendeak, nagusiki, eta ni neu naiz lehena, bera ikusi nahi du sarrera bat ordaindu behar bada. Hau dena kontuan izanda, frontoian ikusi genuen giro paregabea albiste oso positiboa dela uste dut, behin baino gehiagotan ikusi genuen eta jendea beren eserlekuetatik altxatzen tanto eder baten ostean.
Argi dugu ezin dugula futbolarekin lehiatu publiko eta ikusmin aldetik, ezta globalizazioaren eraginekin edo teknologia berriek ekarri dituzten kontsumo joera aldaketekin ere gure gizartean. Frontoiak gero eta hutsago daude haurrez gure herrietan ere, eta honek negargura ematen digu kirol hau barruan daramagunoi. Ez dugu panorama argiegia, egia esan. Badakigu, baina, momentuz bada ere, gurea baloratzen eta gurearekin gozatzen urtean egun jakinetan bada ere. Hor egoten. Gure herriko anfiteatro xumea zaintzen.
Bidali zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.