Duela aste batzuk egunkari honetan argitaratu zen idatzi baten harira, Debako Gazte Asanbladatik beharrezkoa ikusten dugu honi erantzun bat ematea. Debako Gazte Asanblada herriko gazte talde baten kezka eta ezinegonetatik sortu zen duela hogeita lau urte, herrian alternatiba bat sortzeko asmo eta mundua ulertzeko beste era batetik abiatuta. Ordutik eta gaur arte, Gaztetxea sutondo bihurtu eta hamaika borroka, ekintza eta proiektu eraman ditugu aurrera: hitzaldiak, pelikula proiekzioak, janari bilketa solidarioak, liburu aurkezpenak, kontzertuak, tailerrak Honetaz gain, DGA ere Txosna Batzordearen parte izanik, urteko plangintzan pisu handia hartzen du San Roke jaien prestaketak.

Txosna Batzordearekin edota DGArekin harreman minimoa izan duen edonork daki espazio hauetan parte hartzeak dakarren konpromisoa eta lana. Jaietan zehar barran txandak egiteaz haratago, dirudienez alamedan bat-batean agertzen diren txosnen atzean hilabetetako prestaketa eta ardura garrantzitsuak daude. Txosnen kudeaketaz gain, karpako kontzertuen eta bertso saioaren antolaketan parte hartzen dugu; eta, nola ez, Txosna Batzordetik aurrera eramaten dugun erasoen aurkako protokoloan. Gutxi batzuk gara ardura hauek gure gain hartzen ditugunak, eta herriko jaietako erreferentzia-gune hau sostengatzeko, benetan garrantzitsua da gazte kuadrillek eskaintzen duten laguntza. Txosnagunea bezalako jai eremu herrikoi bat denon gozamenerako den heinean, denon esku dago honen presentzia bermatu ahal izatea. Eta bai, argi dago bertan parte hartzen dugun eragileon euskarri ekonomiko bat dela, kurtso guztian zehar aurrera egiten ditugun dinamikak aurrera eraman ahal izateko.

Abuztuaren 24ean egunkari honetan argitaratu zen iritzi artikulua kezkagarria iruditzen zaigu, eta erabat bidegabeak dira Asanbladaren aurka egiten diren akusazio eta suposaketak, baita hau egiteko erabilitako lengoaia ere. Herriko eragile moduan egiten zaigun errekonozimendu ezaz gain, militantziak dakarren konpromisoaren ezezagutza egozten dizkiegu mota honetako iradokizunei. Hau horrela, edonork Gazte Asanblada edo Txosna Batzordearen funtzionamenduaren inguruan azalpenak behar izatekotan, zuzenean gurekin harremanetan jartzea eskatzen dugu (debakogaztetxea@gmail.com).

Erasoak eraso, Gazte Asanbladatik lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, sinesten dugun gazteria antolatuaren aldeko borrokan. Gazte langileok bizi dugun errealitate gordina aldatzeko horrelako espazioak ezinbestekoak direnaren ideiari helduz, Debako gazteei asanbladara batzeko deia luzatzen diegu. Aurrerantzean ere, Gaztetxean ikusiko dugu elkar!

Bidali zure gutuna! 

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.