Gogoan dut oraindik ere, gure birramonak gazteleraz entzuten gintuen bakoitzean, nola belarrimotz deitzen gintuen. Orduan ez nuen ardura zergaitik egiten zion hainbeste min gu gaztelaniaz en-tzuteak. Urteak joan eta zentzutasuna hartzen edo ezartzen joan zaidan ala, agian ez nahi adina zentzutasun baina zer egingo diogu, hizkuntzaren garrantziaz geroz eta arduratsuago naiz. 

Badira hamalau urte ia gure herritik Katalunia aldera etorri nintzela bizitzera eta konturatu nintzen hemen beraien hizkuntza guk baino sakonago sartua dutela. Edozein lekuetan lehen hitza beraien hizkuntzaz egiten dizute eta edozein instituzio publikoan lehen hitza “bon dia, què desitja?” –Egun on, zer behar duzu?– da. 

Gaur irakurri dut epai batek Donostian udaltzaingo izateko ez dela euskara behar esan duela. Ziur nago epaia ebatzi duen epailea belarrimotza izango dela eta berdin diola gure biramonak udaltzainarekin ezingo lukeela hitz bakarra egin, ez baitzen gazteleraz ongi aritzen amona gajoa. 

Beti pentsatu izan dut gure hizkuntza beste Europako herrialde batean izango balitz, kultur altxor bat bezala izango luketela eta Herri hartako edonork hitzegin beharko lukeela. Baina zer egingo diogu, euskara Europa hegoaldeko Herri txiki honetan sortu eta mantendu dugu, horregatik epai guztien gainetik nik beti esango dut, Euskaduna naiz eta harro nago!

Bidal ezazu zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.